Gobernu taldeak ohar bidez iragarri duenez, Bizkaidendak eta Dendak Bai elkarteek aurkezturiko alegazioak ez dituzte aintzat hartu: "Txosten tekniko eta juridiko biren bitartez argi geratu da legezkoa dela lokalen jarduera aldatzea", adierazi dute gobernu taldeko arduradunek. Jose Luis Navarro alkateak esan du, "hanburgesak gorroto ditugulako jatetxe bati irekitzeko baimena ukatuko bagenio, prebarikatzen ariko ginateke".
Merkatari elkarte biek lege urratzea ikusten zuten Burger Kingek aurkezturiko proiektuan: lehen tailer mekanikoa hartu zuen lokalean jatetxea zabaldu gura du multinazional horrek. Abadiñoko Independienteak taldeko gobernu taldeak gaur adierazi duenez, aldiz, "Burger King jatetxea 397 metro karratuko lurzoruan kokatuko da, eta hori jarduera aldatzea da, ez azalera komertziala edo eraikigarritasuna aldatzea".
Burger Kingen jatetxearen irekiera ekiditeko, udal araudia Lurralde Sektore Planari egokitu arte enpresa horri lizentzia gehiago ez ematea eskatu zioten Bizkaidendak eta Dendak Bai merkatari elkarteek Abadiñoko Udalari. Burger Kingen proiektu horri buruz Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza sailaren txostenaren beharra nabarmendu zuten elkarte bi horiek. Abadiñoko gobernu taldearen arabera, aldiz, "Eusko Jaurlaritzaren oniritzizko txostena eskatzea bakarrik da derrigorrezkoa baldin proiektu komertziala 700 metro karratutik gorakoa bada, eta ez da hori Burger Kingen kasua".
Iragan urrian jatetxea atontzeko lanak udalaren lan baimenik barik egiten hasi zirelako, zigor espedientea zabalduko duela iragarri du gobernu taldeak gaur, komunikabideetara bidali duen oharrean.