"Zabor-janaren kontrako" manifestaldia iragarri dute

Anboto 2013ko abe. 5a, 13:00

Abenduaren 14rako deitu dute manifestazioa. Abadiñon jatetxe bana zabaltzeko proiektuak aurkeztu berri duten "Mcdonalds eta Burger King multinazionalean egitasmoek eskualdean eragin kaltegarria izango duela" adierazi gura dute manifestazioaren deitzaileek

Abenduaren 14rako deitu dute manifestazioa. Abadiñon jatetxe bana zabaltzeko proiektuak aurkeztu berri duten "Mcdonalds eta Burger King multinazionalean egitasmoek eskualdean eragin kaltegarria izango duela" adierazi gura dute manifestazioaren deitzaileek.

 

Durangon, Ezkurdi plazatik, eta, Abadiñoko Traña plazatik abiatuko dute, abenduaren 14ko manifestazioa. ELA, LAB, CCOO, ESK eta EHNE sindikatuek, Ernai gazte erakundeak, Dendak Bai merkatarien elkarteak eta Durangaldeko Bilduko zinegotziek egin dute deialdiagaz bat. "Ez zarete ongi etorriak: gure herrietako baserriak, denda txikiak eta tabernak hondatzen dituen multinazionalik ez dugu nahi" aldarrikatuko dute mobilizazioan.

 

Burger King-ek jatetxea zabaldu gura duen lokalaren aurrean batu dira, gaur, manifestaziorako deialdia egiteko, LAB eta EHNEko hainbat ordezkari. Duela aste bi aste hasi zituzten Abadiñoko Eroski aldameneko lokalean, Burger King atontzeko obrak, baina egun batzutara lanak gelditzeko agindua eman zuen Abadiñoko Udalak: "Lan baimenik barik zebiltzalako".

 

Unzalu Salterain EHNEko ordezkariaren berbetan, "multinazional hauek nekazaritza eta elikadura industriala bultzatzen dute eta gure produktuek jasaten dituzten prezio beherakaden eragileak dira". Eredu horren kontra, "gure apustua abeltzaintza eta nekazaritza sostengarria dira" azpimarratu du, "kalitatezko produktuen alde egiten dugu". Abadiñon jatetxe bi zabaldu gura dituzten enpresa biek "zabor kontratuak" egiten dituztela, eta "ordutegien malgutasun osoa eta soldata miserableak" eskaintzen dituztela ere azpimarratu dute abenduaren 14ko manifestazioaren deitzaileek.

 

Abenduaren 14an "jendea elikadura eredu honen kontra kalera atera" gura dutela esan du Unzalu Salterainek. Burger King eta McDonalds-en Abadiñoko proiektuek baimenak lortu eta aurrera egiten badute, baina, bestelako ekimenak bultzatuko dituztela aurreratu du: "Gaiari buruz, herritarrek zein herriko elkarteek parte hartuko duten ez-ohiko bilkura deitzea", esaterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!