Enpresa handien botere ekonomikoaren aurrean, Durangaldeko ostalariek eurenagaz jarraitzea beste erremediorik ez dute izango, Iñigo Karretoren ustez. Bertokoek eskaintzen duten eskaintza erakargarria da Karretoren ustez, eta indarrak batu behar dira.
Durangaldera datoz McDonald’s eta Burger King enpresak. Zelan jaso duzu albistea?
Ostalaritzako jarduera araututa dago, eta udalek ezingo dute ezer egin hori saihesteko. Jokoaren arauekin ez gaudela ados? Botere ekonomikoa dutenak irabazle irtetea ez dugula gura? Hori beste gerra bat da. Baina arraroa egin zait. McDonald’s aspalditik egon da Durangon jatetxea zabaldu guran, baina Durangok eta inguruek ez zituzten baldintzak betetzen errentagarri izateko, biztanle kopuruagatik.
Ez da errentagarria, beraz?
Gauza berbera gertatu zen Telepizzagaz; jende asko egon zen interesatuta frankizia hartzeko, baina ratioek ez zuten ematen. Urteak daroaz zabalik, eta errentagarria izaten jarraituko duela pentsatzen dut.
Mercadonak ere Durangaldera etorri gura duela esan du.
Ez dut jakin hori. Zurrumurrua zegoen lehen Mercadonak eta Eroskik hitzarmena zeukatela, batek nagusitasuna zuen lekuan bestea ez zedin sartu. Mercadonako presidenteak ezetz esan zuen, ez zela hitzarmen hori existitzen.
Euskal Herrian 25 supermerkatu zabaltzekotan dira, eta bat Durangaldean izango da.
Arriandin-edo (Iurreta) izango ote zen entzun nuen zurrumurrua. Orain zoritxarrez, ekonomia dagoen moduan egonda, edozein leku uzten diete horrelako enpresei, eta ez dut uste oso garesti utziko dietenik. Baina hor ez dakit zelan egingo duten. Bizkaia Martxan merkatarien elkartetik dakidanez, Durangok merkatal-guneak eraikitzeko ratioaren muga gainditu du. Ez dakit zer zirrikitu legal aurkitu duten edo aurkitu ahalko duten.
AKI zabaldu zenean, hori plazaratu zuten merkatariek.
Bai, ordurako ratioa gaindituta zegoen. Oraindik zabalik dago prozesu judiziala, eta ea zer gertatzen den; orain arte Bizkaia Martxanek hasitako auzi guztiak irabazi ditu. Baina Mercadonagaz arazoa egon daiteke. Burger King eta McDonald’si ez die eragingo, txikiagoak baitira.
McDonald’s eta Burger Kingen etorrerak ostalaritzan zer eragin izango duela uste duzu?
Ez dakit. Ostalaritzan orain erdi ondo doan sektorea janari merkearena da, errazioena, janari erdi bizkorrarena. Terrazekin batera, orain funtzionatzen duen gauza bakarra hori da. Marjina gutxigaz, baina bai. Orduan, botere ekonomiko itzela daukaten horiek badatoz, ez dakit zer gertatuko den. Eragin, eragingo die. Zalantzarik barik.
Zelakoa da momentu honetan ostalarien egoera?
Durango, nire ustez, nahiko ondo ari da mantentzen. Guk txarto gaudela uste dugu, baina antza beste batzuk okerrago dabiltza. Gu ez gabiltza garai onak pasatzen, baina kanpotik esan didatenez, beste batzuen erreferente gara.
Zelan joan dira Sanfaustoak?
Nahiko ondo joan direla uste dut, eguraldiak asko lagundu du. Txosnek eta tabernek leku askotako jendea erakartzen dute. Bidegabekoa dena da denok ez jardutea baldintza beretan lanean. Enpresa handiek dituzten erraztasunak ez zaizkit justuak iruditzen, baina horrez gainera, ostalaritzan denok ez dugu arma berdinekin jokatzen.
Zergatik diozu hori?
Badirudi lokal batzuetan ostalaritza lana egiten dutela, baina ostalaritza mota horrek ez du zergarik ordaintzen, eta ez dauka inolako betebeharrik. Lonja askotan edariak saltzen dituzte. Hiru kuba-libre bederatzi euroan, garagardo bat euro batean. Eta ez dira gazteak bakarrik joaten, e? 40 urteko jendeari entzun diot lonja horietara joan izan dela. Horren kontra ezinezkoa da lehiatzea. Lokaletan erre egin daiteke, etzanda egon, lo egin... Bihurtu gaitezen denok lonja! Lehen ikasten ez zuenak tabernan lortzen zuen lana, edo taberna bat hartzen zuen. Orain lokaleko edarien arduradun izan gura dute. Ez da arma berdinekin jokatzea. Ez dute zergarik ordaintzen, ez daukate erantzukizunik, ez langilerik, eta inbertsiorik ere ez dute egiten.
Ohitura aldaketak, McDonald’s lako enpresen etorrera... Zelan irudikatzen duzu Durangoko ostalarien etorkizuna?
Durangok erakargarritasun nahikoa izatea espero dut. Denok lortu dezakegu gure lekua. Datozen enpresa handi horien aurrean gure ostalaritzaren balioak indartu beharko ditugu. Nik inoiz jan izan dut McDonald’sen batean, eta egia esan, diru horregatik, edo apur bat gehiago ordainduta, gure sukaldaritzagaz askoz ere hobeto eta gozoago jaten da. Ostalarioi kosta egiten zaigu gauzak elkarlanean egitea, baina bagabiltza. Pintxo-potea ipintzea ere asko kostatu zen, eta orain, arrakasta lortuta, gustura dabiltza.