Apirilaren 28an Formula 3ko Opena hasiko du Igor Urienek (1994, Abadiño). Emilio de Villota Motorsport taldeagaz ariko da. Gaur abentura berri horretarako dituen helburuak eta itxaropenak azaldu ditu Amorebita-Etxanoko AIC zentroan, ondoan Emilio de Villota bera zuela.
Umea zenetik bolantea eskuetan duen arren, mundu berri baten atarian dago Igor Urien. Orain arte pausurik-pausu egin du bidea. Baina Emilio de Villota Motorsport taldera batu eta Formula 3ko Openari aurre egitea pausu berri bat baino, jauzi handi bat da. Eragiten duen ikusminetik hasita. Gaur Amorebieta-Etxanoko AIC zentroan egin duen aurkezpen ekitaldian argi geratu da hori guztia: goi karguak nonahi (Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia, Jose Luis Navarro Abadiñoko alkatea…), kazetariz inguratuta, argazkilari profesionalen zein bertaratutako zaleen kamarak paretik kendu ezinda… Beste mundu bat. Abadiñarrak bere adinerako (18 urte) ohikoak ez diren patxadagaz eta pazientziagaz atenditu ditu konpromiso guztiak: “Jendaurrean-eta berba egitea ez zait erraza egiten, baina ohitzea da. Pilotu baten beste eginkizun bat da eta holantxe hartzen dut”, adierazi du.
Gaurko ekitaldia aurten erabiliko duen F308ari estalkia kenduz hasi du. Iaz arte gidatzen zuen monoplazagaz alderatuta aerodinamika aldetik nabaritu du alderik handiena: “Iazkoak motor gehiago zuen, baina karga aerodinamiko gutxi. Aurtengoak motor txikiagoa du, baina aerodinamika diseinuari esker asfaltuari hobeto heltzen dio. Egia esanda, asko disfrutatzen dut monoplaza hau gidatzen”. Aurredenboraldian behin baino gehiagotan probatu du monoplaza berria.
Datozen hiru denboraldietarako helburuak finkatuta ditu. Aurten “ahalik gehien ikastea dut helburu” dio, baina irribarretxo bategaz “beti dago gauzak ondo egiteko gogoa”, gehitu du. 2014an txapelketa irabazteko borrokan egotea da asmoa, eta hirugarrenean, World Series Renault txapelketan (hortik gora Formula 1a bakarrik dago) probatuko luke.
Emilio de Villota: “Igor izar bat da bere hasieratik”
Emilio de Villotak bertatik bertara jarraitu du aurkezpena.Urieni bere sostengua eskaini gura izan dio Amorebieta-Etxanora etorrita eta laudorio bat baino gehiago ere eskaini dio: “Bere apaltasunagatik liluratzen zaituen pertsona da Igor. Automobilismoaren munduan ez dira horrelako adibideak asko ikusten; denak izarrak izaten dira, benetan izar bihurtu aurretik. Igor izar bat da bere hasieratik. Diamante landugabea dela esatera nindoan, baina dagoeneko forma hartzen ari den diamantea da. Eta esan dudana aurreko urteetako lorpenek berresten dute”.
Igor Urien unibertsitatean hasi da aurten eta Arrasaten ingenieritza mekanikoa ikasten dabil. Automobilismoa eta ikasketak bateratzeko ahalegina ere azpimarratu egin gura izan ditu Emilio de Villotak: “Normalean automobilismora dedikatzen direnek ikasketak uzten dituzte. Igor gazteriak zelakoa izan behar duen erakusten duen adibide bat da”.