F3an lehenengo garaipena lortu du Igor Urienek

Anboto 2013ko mar. 4a, 11:14

Europako F3 Openerako aurredenboraldiko azkenengo prestaketa saioan, Igor Urienek irabazi egin du Kopa kategorian, Xerezko zirkuituan: \"Egunetik egunera, gero eta gehiago gustatzen zait autoa\", adierazi du

Europako F3 Openerako aurredenboraldiko azkenengo prestaketa saioan, Igor Urienek irabazi egin du Kopa kategorian, Xerezko zirkuituan: "Egunetik egunera, gero eta gehiago gustatzen zait autoa", adierazi du.

 

Asteburuan Europako F3 Openerako bigarren eta azkenengo prestaketa saioak (Paul Ricard zirkuituan izan ziren aurrenekoak) egin dituzte Xerezko zirkuituan. Test horiek lasterketa batekin amaitzen dira, baina ez dira txapelketarako puntuagarriak. Igor Urien abadiñarrak irabazi egin zuen lasterketa hori bere kategorian (Kopa kategoria, Dallara F308 monoplazak). Urienek ‘pole’-a lortu zuen bere kategorian eta horrek monoplazarik indartsuenen (F312ak) erritmoa jarraitzen ahalegintzeko modua eskaini zion. Abadiñarrak erritmo erregularra mantendu zuen lasterketa osoan zehar. Bere kategorian irabazteaz gainera, sailkapen orokorrean zazpigarren amaitu zuen: “Asteburuari ezin diot gehiago eskatu. Polea, garaipena, baina, batez ere, taldeko lan oso ona egin izanaren sentzazioa. Egunetik egunera gero eta gehiago gustatzen zait autoa eta bide onetik goazela uste dut”.

 

Xerezko testek Urienen aurtengo areriorik nagusienak nortzuk izan daitezkeen argitzeko ere balio izan zuen: Alexander Toril eta Richard Gonda. Urienek  34.05.378ko denboran osatu zituen lasterketako 19 itzuliak. Hamaika segundora eta elkarren segidan helmugaratu ziren Toril eta Gonda.

 

Aurredenboraldiko testak amaituta, txapelketa hasteko zain geratuko dira pilotuak. Europako F3 Openeko lehenengo lasterketa apirilaren 28an izango da Paul Ricard zirkuituan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!