F3an hasi eta World Series-etara heltzeko proiektua proposatu diote Urieni

Anboto 2012ko aza. 6a, 11:00

Europako talde onenetakoak hiru urteko eskaintza egin dio. Datozen asteetan proiektua ixten eta babesleak bilatzen saiatuko dira.

Europako talde onenetakoak hiru urteko eskaintza egin dio. Datozen asteetan proiektua ixten eta babesleak bilatzen saiatuko dira.

 

Asteburuko atsekabea apurren bat gozatuko zitzaion Igor Urieni. Autoko matxura batek esku-eskura zuen Europako Radical Masterra irabazteko aukera barik utzi zuen domekan. Lider zegoen eta ezin izan zuen postu hori pistan defendatu. Baina asteburu beltza atzean geratu da eta aurretik datorkionak askoz itxura erakargarriagoa du. Oraindik nahiago dute izenik ez eman, baina Pedro Urienek (Igorren aita) adierazi duenez Europako talde onenetakoak hiru urteko eskaintza egin dio Igor Urieni.

 

Epe horretan Formula 3an hasi eta World Series-etara heltzea da helburua. World Series txapelketa Formula 1erako atea izan da pilotu askorentzako. Robert Kubica eta Kamui Kobayashi pilotuak World Series txapelketan aritu dira, besteak beste. Lehenengo urtea F3 mailara moldatzeko izango litzateke; bigarrena F3 txapelketa lehiatzeko eta, maila onean badabil, hirugarren urtean World Series-etarako pausoa emango luke.

 

Proiektua erakargarria da alde guztietatik. Alde batetik, epe luzera begirakoa da eta urtetik urtera pausu bat aurrera emateko planifikatua dagoena. Bestetik, azpiegitura lehiakorrak eskaintzeko kapaz den taldea izango da atzetik. Datozen egunetan proiektua ixteko batzarrak egingo dituzte. Ondoren, babesleak bilatzeari ekingo diote. Pedro Urienek argi du hiru urterako sponsor bat bilatu behar dutela. Babesletzan dago arazo nagusia; lortzen badute proiektuagaz aurrera egingo dute; bestela, baliteke eskaintzari ezetz esan beharra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!