Amorebietak "ilusioz beterik" eta Durangaldeko bost jokalarigaz ekingo dio bigarren mailako abenturari

Anboto 2021ko uzt. 8a, 12:59
Amorebietagaz Bigarren Mailan ariko diren Durangaldeko jokalariak. Ezkerretik hasita: Lander Olaetxea, Iker Unzueta, Oier Luengo, Mikel Zarrabeitia eta Unai Uberuaga.

Oier Luengo zornotzarra Amorebietara itzuli da eta Lander Olaetxea abadiñarra Logroñesetik dator.

Amorebieta lanera bueltatu da gaur. Ilusioz beterik ekingo dio Bigarren Mailako denboraldi historikoari. "Kategoria desberdina da, exigentea, baina ilusioz beterik ekingo diogu", azaldu du Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzaileak lehenengo entrenamendu saioan. Durangaldeko bost lagunek jokatuko dute urdinekin. Mikel Zarrabeitiak (Zornotza, 1993) eta Iker Unzuetak (Abadiño, 1998) jarraitu egingo dute, eta iazko denboraldiko bigarren itzulian Urdulizekin jokatu eta gero, Unai Uberuaga (Zornotza, 2001) Amorebietara bueltatuko da berriro.

Nobedadeen artean, Lander Olaetxea (Abadiño, 1993) fitxatu du Amorebietak, Logroñes taldetik. "Bigarren Maila jokatzetik datorren futbolaria da eta hemen ere ondo egingo duelakoan gaude", azaldu du Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzaileak. Olaetxeak badu esperientzia Bigarren Mailan. Bilbao Athleticekin Bigarren Mailan aritu zen 2015/16 denboraldian. Gerora, hiru denboraldi eman ditu Logroñes klubean, lehenengo biak Bigarren B Mailan eta azkena Bigarren Mailan. Iaz mailaz jaitsi zen Logroñes.

Oier Luengo (Zornotza, 1997) ere egongo da Velez de Mendizabalen esanetara. Bilbao Athletic taldetik dator. "Etxekoa da eta badakigu zer eman ahal digun; horregaitik ekarri dugu. Gosea du gainera, eta hori behar dugu guk", azaldu du Asier Goiria kirol zuzendariak. 

Iaz Amorebietarekin aritu zen Ekaitz Molina abadiñarrak ez du taldean jarraituko eta Mikel Goiria atezain zornotzarrak beste talde batean jokatuko du aurten, utzita.

Mikel San Joseren zain

Taldea indartzeko sei fitxaketak aurkeztu dituzte saio berean. Luengoz eta Olaetxeaz gainera, Markel Lozanok (Celta Btik), Iker Amorrortuk (Calahorratik), Oscar Gilek (Racingetik) eta Josu Ozkoidik (Sabadelletik) defendatuko dute Amorebietaren kamiseta. Hauez gainera, Mikel San Jose Athleticeko jokalari ohiaren fitxaketa "lotzear" dagoela adierazi du Asier Goiria kirol zuzendariak.

Hasteko, Girona

Bigarren Mailako debuta txapelketako talderik sendoenetariko baten zelaian egingo dute urdinek, Gironaren aurka, hain zuzen ere. Abuztuaren 14an izango da. Amorebietak Urritxen egingo ditu entrenamenduak, eta etxeko partiduak Lezaman jokatuko ditu.

Lander Olaetxea eta Oier Luengo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!