Lander Olaetxearen UD Logroñes taldea Bigarren mailara igo da, abadiñarra "oso pozik" dago

Maialen Zuazubiskar 2020ko uzt. 21a, 13:27

Urteetan Bigarren B Mailan jokatzen egon ostean, UD Logroñosek  Bigarren Mailara igotzea lortu zuen joan zen zapatuan. La Rosaleda (Malaga) futbol zelaian ospatu zuten lorpena, Castellón taldea menderatuta. Lander Olaetxea ospakizun horren parte izan zen, Logroñeseko jokalaria delako. Erdilari abadiñarra partiduko titularretako bat izan zen eta garaipenagaz "oso pozik" daudela esan dio ANBOTOri.

UD Logroñes eta Castellónen arteko partidua oso intentsoa izan zen. Errioxarrak galtzen hasi ziren arren, bana berdintzea lortu zuten. Eta azkenean, penaltietan erabaki behar izan zuten igoera zein talderentzat izango zen. Olaetxeak penaltietako unea "sufrimendu askogaz" bizi izan zuen. "Horrelako helburu bat penaltietan erabakitzea oso gogorra da. Tentsio eta sufrimendu izugarria izan genuen, baina azkenean dena ondo irten zen", aitortu du erdilariak.

Olaetxeak bigarren denboraldia du elastiko zurigorriagaz, eta talde errioxarra liga profesionalera eramatea ohore bat dela esan du. "Logroño historikoki asko lotzen da futbolarekin, eta urteak egon da futbol profesionalean egon barik. Igoera horren parte izatea oso berezia da niretzat", jarraitu du.

Igoera, baina, zaleen eta lagunen berotasun gabe ospatu behar izan zuten. COVID-19ak eraginda, zaleek ez zuten Andaluziara bidaiatu eta harmailak hutsik izan ziren. "Igoera zaleekin eta inguruko jendearekin ospatzea nahiko genuen, baina kontzientziagaz jokatzeko unea da. Igoera ospatu, ospatu behar da, baina neurriak hartuta". Eta horixe egin zuten jokalariek, hainbeste kostatu zaien lorpen handia zentzuz ospatu. "Desberdina izan zen arren, oso ondo pasatu eta asko disfrutatu genuen", adierazi du.

Orain datorren denboraldiari begira jarriko da abadiñarra. Oraingoa ez da Bigarren Mailan arituko den lehenengo aldia. Orain lau urte Bilbao Athletic taldearekin maila horretan jokatu zuen. Erronka berriaren aurrean "gogotsu" dagoela dio. "Izugarri disfrutatu nuen liga horretan, eta desiatzen nago itzultzeko. Logroñesekin kontratua dut, eta printzipioz beraiekin jarraitzeko asmoa dut", adierazi du.


Argazkia: @UDLogroñes

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!