Durangaldeko lau jokalarik Athletic taldearekin debutatu dute asteburuko lagunarteko partiduan

Anboto 2020ko abu. 31a, 11:29
Ezkerretik eskumara eta goitik behera: Oier Luengo, Jon Morcillo, Ewan Urien eta Jon Sillero. (argazkiak: www.athletic-club.eus/eu)

Jon Sillero eta Ewan Urain durangarrek, eta Jon Morcillo eta Oier Luengo zornotzarrek minutuak izan zituzten Logroñesen kontrako neurketan.

Athletic-ek denboraldi-aurreko lehenengo lagunartekoa jokatu zuen zapatuan, Logroñes taldearen kontra. Gaizka Garitanok harrobiko zortzi jokalariri talde nagusiarekin debutatzeko aukera eskaini zien eta euretako lau durangaldekoak dira: Jon Sillero, Ewan Urain, Jon Morcillo eta Oier Luengo. Laurek bigarren zati osoa jokatu zuten.

Oier Luengo zornotzarrak 22 urte ditu eta Athletic-ek 2018-19 denboraldian fitxatu zuen Amorebieta klubetik. Bilbao Athletic-ekin partidu bi jokatu eta berriro itzuli zen etxeko taldera, utzita. Iaz, Joseba Etxeberriaren aginduetara, harrobiko taldean finkatzea lortu zuen 23 partidu jokatuta. Hiru gol sartu zituen, euretako bat Badajozen kontrako igoera fasean.

Jon Morcillo 21 urteko zornotzarrak denbora gehiago darama Athletic-en; 2016-17 denboraldian fitxatu zuten Durangoko Kulturaletik. Baskonian eman zituen lehenengo urratsak, Athletic-ekin lankidetza akordioa duen Basauriko klubean. Iaz 29 partidu jokatu eta 10 gol sartu zituen Bilbao Athletic-ekin. Errendimendu horri esker talde nagusiarekin kontratua sinatu zuen ezker hegalean jokatzen duen zornotzarrak.

Ewan Urain durangarrak 20 urte ditu eta kadete adina zuenean fitxatu zuten Durangoko Kulturaletik. Aurrelari trebea da. Orain urte bi 13 gol sartu zituen Baskoniarekin. Iaz ere bikain hasi zen sei partidutan hiru gol sartuta, baina lesio batek bere garapena eten zuen hilabete askotan.

Jon Sillero da lauretatik denbora gehien daramana Lezaman. 22 urteko durangarra kimu adina zuenean (2008-09 denboraldian) fitxatu zuten Durangoko Nevers Ikastetxetik. Zentral edo eskuin lateral moduan jokatzen du normalean. 96 partidu jokatu ditu harrobiko taldearekin eta iaz kapitain moduan jardun zuen. Iaz lehenengo taldeko deialdi batean sartu zuten, baina ez zuen debutatu Valladoliden kontrako partidu hartan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!