“Eskola zaharreko atezaina naiz. Ate ondoan egotea gustatzen zait eta hara datorrena gelditzea”

Joseba Derteano 2020ko ira. 5a, 10:30

Mikel Goiria (Zornotza, 1999) atezainak lehenengo taldeko fitxa izango du aurten, eta Bigarren B Mailan arituko da. Umetako ametsa errealitate bihurtu zaio etxeko taldean goi-goiraino helduta.   Taldean toki bat egiteko gogor entrenatuko dela dio

Nork esango zion Zornotzako Karmengo Ama ikastetxean futbolean hasi zen umeari egunen batean talde nagusira helduko zela.
Egia esanda, amets bat da eta pozarren nago. Ahal dudan dena egingo dut nigan ipini duten konfiantza nire errendimenduagaz bueltatzeko.

Dena dela, lehenengo taldea eta euren dinamika ez dira arrotzak zuretzat.
Ez, eurekin entrenatzen ibili naiz. Orain urte bi, astean entrenamendu bi egiten nituen lehenengo taldeagaz, eta iaz hiru. Nagusiekin entrenatu eta bigarren taldeagaz jokatu izan dut.

Erdibidean egote horrek zer abantaila eta zer desabantaila ditu?
Aste osoa jokalari batzuekin entrenatzen ibili ondoren partiduak beste batzuekin jokatzea apur bat arraroa da. Baina zortea izan dut, jokalariak ezagutzen nituelako. Beharbada gogorragoa edo arraroagoa izango litzateke herrikoa ez den eta jokalariak ezagutzen ez dituen norbaitentzat. Alde horretatik, zortea izan dut. Errazagoa izan da. Talde nagusian atezainei bideratutako entrenamendu espezifiko gehiago daude eta lan intentsoagoa egiten da arlo horretan, eta igarri egiten da. Horixe da abantailarik handiena.

Gaur egungo futbolean garrantzi handia hartu du hankako jokoak. Zelan daramazu alderdi hori?
Gehien kostatzen zaidan alderdia da. Hain zuzen, orain horixe lantzen ari naiz entrenamenduetan.Gehiago naiz eskola zaharreko atezaina. Atearen ondoan egotea gustatzen zait eta hara datorrena gelditzea.

Mikel Saizar izango duzu ondoan: 37 urte, Kordoba taldeagaz lehenengo mailan ibilitakoa, esperientzia handikoa… gazte batentzat ofizioa ikasteko taldekide aproposa dirudi.
Bai, horrela da. Ikustekoa da partiduetan zelako segurtasunagaz eta lasaitasunagaz gidatzen duen taldea. Oso hartu-eman ona dut beragaz, eta aholkuak ematen dizkit. Jakintza hori oso baliotsua zait eta, alde horretatik, zortea dut. Berarengandik ikasten saiatuko naiz.

Zer helburu duzu lehenengo denboraldiari begira? Zer lortuta egongo zinateke pozik?
Partidu ofizial batean debutatzea gura nuke. Hortik aurrera, ikasten jarraitzea dut helburu eta partidu bat baino gehiago jokatzeko aukera badut, oraindino hobeto!

Aurtengo denboraldi-aurrea berezia da hile askoan egon zaretelako zelaietatik kanpora. Zelakoa izan da itzulera?
Aste bi daramatzagu. Azken hileetan neure kabuz ibili naiz kirola egiten: mendian, bizikletan… Hala ere, igartzen da itzulera, entrenamenduak guztiz desberdinak direlako, mugimenduak eta abar. 

Baduzu lesionatzeko beldurrik?
Ez nau bereziki kezkatzen. Sekula ere ez dut lesio larririk izan. Kezka baino gehiago, gogoa izan dut, entrenamenduetara itzultzeko gogoa. Berez, abuztuaren 6an hasi behar genuen denboraldi-aurrea, baina gauzak ez zeuden garbi oraindino, protokoloak eta abar, eta atzeratu egin zuten. Beraz, desiratzen nengoen bueltatzeko.

Eta zelan daramatzazue protokolo neurriak?
Ondo. Lehenengo, nork bere etxean tenperatura hartu behar du. Denok maskaragaz sartzen gara zelaira, eta han berriro hartzen digute tenperatura. Jokalariok aldagela bitan banatzen gara, elkarren artean leku gehiago egon dadin. Entrenamendua hasterakoan kentzen dugu maskara. Amaitzean, desinfektatu egiten ditugu baloiak, eta bakoitzak bere ur botila du.

Gazteen taldeagaz estatuko maila nagusira igo zinen orain hiru bat urte. Hori da zure ibilbideko unerik onena?
Oso polita izan zen, aurreikuspen denak apurtu genituen eta. Gure helburua mailari eustea zen! Aurreko denboraldian taldeak azkenengo partiduan lortu zuen mailari eustea. Gainera, denboraldia porrot bategaz hasi genuen. Hori ikusita, denek esaten duten "ea mailari eustea lortzen duten". Baina partidu bat irabazi eta gero bolada on bat hartu genuen eta goian kokatu ginen. Ezustekoa izan zen, bai.

Orain futbolean zentratu zara, baina urte askoan pilotaria ere izan zinen.
Bai, 18 urtera arte kirol bietan ibili nintzen. Orduan futbolean zentratzea erabaki nuen, pilotan baino aukera gehiago ikusten nizkiolako neure buruari.

Zeintzuk dira zure pilotaririk gustukoenak?
Aimar Olaizola zalea izan naiz beti. Iñaki Iza ere animatu dut, herrikoa zelako. Orain nire kuadrillako bat profesionaletan dabil: Oier Etxebarria. Bere partiduak ikustera eta animatzera joaten gara.

Eta atezainetan?
Gorka Iraizoz eta Dani Aranzubia. Gaur egun, Jan Oblak.

Joan zen astean Jon Morcillo eta Oier Luengo zornotzarrek Athleticegaz debutatu zuten. Ezagutzen dituzu?
Bai, eta asko pozten naiz eurengaitik. Jon Morcillo nire klasean ibili zen urtebetean, Zornotzako institutuan. Luengo Amorebieta klubetik ezagutzen dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!