Bost gol sartuta, Iker Unzueta abadiñarrak geroago eta pisu handiagoa du Amorebietako hamaikakoan

Anboto 2021ko ots. 27a, 10:30

Iker Unzueta eskuman, Amorebietako hainbat taldekidegaz batera. (Amorebieta Futbol Kluba)

Apurka-apurka futbolaren munduan izena eta tokia egiten dabil Iker Unzueta 22 urteko abadiñarra. Iaz, Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailarako saltoa eman zuen, Amorebieta klubaren eskutik. Erronka handia zuen aurretik, eta hasieran bere maila erakustea kostatu zitzaiola onartu du, baina denbora aurrera joan ahala eta golek ematen duten konfiantzak hauspotuta, geroago eta gehiagotan sartu da hasierako hamaikakoan. Azken partidu bietan hiru gol sartuta, denboraldiko unerik gozoenean dago aurrelari abadiñarra.

Iazko abendua, ligako zortzigarren jardunaldia, mugarri lez ipintzen du. Partidu hartan sartu zuen bere lehenengo gola, Leioaren kontrako berdinketan. "Liga hasieran ez nintzen hain ondo aritu eta Leioaren kontrako partidutik aurrera konfiantza hartzen hasi nintzen", adierazi du. Apurka hasierako hamaikakoan sartzen hasi zen eta golak sartuta ordaindu du berarengan ipinitako konfiantza. Urtarril amaieran Amorebietak 2-1 irabazi zion Portugaleteri eta Unzuetak gol bat sartu eta bestea sartzeko asistentzia eman zuen. Bereziki emankorrak izan dira azken partidu biak, hiru gol sartua. Real Bri egindako bisitan gol dotorea sartu zuen, azpitik egindako erdiraketa bat orpoz errematatuz. Realak buelta eman zion partiduari eta gol hark ez zuen punturik batzeko balio izan, baina joan zen asteburuan Alaves Bren kontra sartutako gol biei eskerrak Amorebietak hiru puntu baliotsu batu zituen. Unzuetak penaltiz sartu zuen gol bat eta eskuin hankagaz egindako jaurtiketa bategaz bestea.

Azpimarratu beharrekoa da Koldo Obieta jokalari gernikarraren ekarpena ere: gol bat sartu zuen, asistentzia bat eman zion Unzuetari eta berari egin zioten penaltia.

Bost gol sartuta, taldeko goleatzaile nagusia da Iker Unzueta abadiñarra. "Oso pozik nago eta gozatzen ari naiz. Gainera, joan zen asteburuan legez golek partidua irabazteko balio badute, orduan eta hobeto", adierazi du futbol jokalariak.

Amorebieta onenekin
Datorren urtean maila berri bat sortuko da Bigarren Mailaren eta Bigarren B Mailaren artean. Bere izena Bigarren B Maila PRO izango da. Aurreneko hiru sailkatuak maila horretara zuzenean igaroko dira eta une honetan Amorebieta postu horretantxe dago, hirugarren, Athletic B eta Real B filial indartsuen atzetik. Bost partidu baino ez dira falta aurtengo liga amaitzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!