Helmuga emakume elkarteak, Zaldibarko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz, Emakume Langilearen XVIII. Astea antolatu du. Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan, hainbat ekintza antolatu dituzte aste horretarako prestaturiko egitarauaren barruan. Datorren barikuan, martxoaren 7an, izango da lehenengo hitzordua. Afaria eta dantzaldia egingo dute egun horretan, Goierriko auzo etxean. Udaletxe paretik aterako da, 21:15ean, Goierrira joateko doako autobusa. Afarira eta ondorengo dantzaldira joan gura duenak, martxoaren 5era arte eskuratu ditzake txartelak Karobi, Olga eta Castet tabernetan.
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, bestalde, argazki mosaiko jendetsua osatu gura dute antolatzaileek: udaletxeko plazara joateko deia luzatu dute, 14:00etan.
Martxoaren 25erako, Vianara egun pasa ere antolatu dute, egitarau honen barruan. Helmuga elkartearen 688 613 410 telefonoan eman daiteke izena.