2020, ez dadila haria eten

Dudarik barik Berri Txarrak izan da agurtu berri dugun 2019ko protagonista nagusia, musikari dagokionez. Gehiagorako ere eman du urteak, halere.

Urtero bezala, makina bat disko berri eduki dut entzungailuan bueltaka (eta beste horrenbeste entzuteko dauzkat oraindik), eta dozenaka kontzertutara ere hurbildu naiz. Inora joan barik, baina, gehien harritu nauena etxean topatu dut, Durangaldean. Uzta oparoa ondu dute eskualdean, estilo desberdinetakoak, gainera. Gure inguruan sorturiko hardcore, bluegrass, heavy edota rock doinu freskoak entzun ditzakegu, baita rantxerak edota post punka ere, adibidez. Zerrenda labur bat egin dut gustukoen ditudan abestiekin, hala ere, ez galdu aukera talde guztien diskoak entzuteko (edo beraien kontzertuetara joateko. Tokiko eszena babestu!):

#Mocker´s. Oreka Ahula

#Nebrashka. Lawak

#Tres41. Ceremonia Animal

#Pinpilinpussies. 80/B

#Stronger Together. Integridad 

Hemen, aurten Durangaldean kaleratu diren diskoen zerrenda (Niri iritsi zaizkidanak, behintzat): ALERTA 'Tú decides el final', STRONGER TOGETHER 'Integridad', TRES41 ‘Ceremonia Animal’, MOCKER´S ‘Oreka ahula’, GANORABAKUEK ‘Maite eta gorroto’, PUTO BASTARDO ‘S/t’, NEBRASHKA ‘Lawak’, TXAPITO GUZMAN ‘Animos de vivir’, MOONSHINERDS ‘s/t’, BLACKHEARTH ‘s/t’, PINPILINPUSSIES ‘80/B’, KLOWN 'Pelea por tu vida'...

2020koak ate joka

Hauek gutxi ez, eta goiztiarrenak hasi dira beraien lan berriak aurkezten. Izaro da horietako bat. Urtarrilean kaleratuko du mallabiarrak OM eta Eason arrakastatsuen jarraipena. 

The Van ('Bidea' aurrerapen abestia) gazteak estudioan estreinatu ziren 2019an, eta laster entzun ahalko da diskoa osorik. Kohatuk, ostera, urtarrilaren 10ean kaleratuko Oskolak; 18an aurkezpen jaia egingo dute Berrizko kultur etxean, Qvernorekin batera. State Alertak sare sozialen bidez adierazi du estudiotik igaro direla beraiek ere. 

Urruti geratzen den 2018ko urrian hasi zuen bere lehenego diskoa zenaren grabaketa Ikarass talde durangarrak. Hainbeste maite dudan Toolek bezala, misterioz josi dute diskoa, eta horiek egin ohi duten bezala, denboran luzatzen ari da argitalpena. Badirudi urtarrilean entzungai egongo dela Relapse Into Desolation. Luze joan den itxaronaldiak merezi duelakoan nago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!