“'Ánimos de vivir' diskoko izenburuak dioen lez, abestietan bizitzeko gogoari kantatzen diogu”

Aritz Maldonado 2019ko urr. 18a, 13:00

Azkeneko hauek hile biziak izan dira Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek taldeko kideentzat. 'Ánimos de Vivir' disko berriaren grabazioan murgilduta egon dira, bideoklipa grabatu dute Sorginola gaztetxean, eta zuzenekoak prestatzen dabiltza. Berton Bertokoa elkarteko kideekin ere beste bideo bat grabatu zuten. Egoi Petitek (trikitixa), Gorka Bidaurrazaga 'Potti'-k (bateria), Josu Abaunzak (baxua) eta Mikel Astobiza 'Asto'-k (gitarra) osatzen dute taldea.

 

Zelakoa izan da bigarren grabazio hau?
Josu Abaunza: Aurrekoaren estilokoa. 'Potti'-gaz grabatu dugu, bere lokalean. Hamar kanta grabatu ditugu, eta Berton Bertokoako kideekin grabatu genuena ere sartu dugu diskoan.
Mikel Astobiza: Kontu batzuk aurretik genituen gordeta, baina gainerakoak azken urtean prestatu ditugu. Azkenekoz, Areatzako (Bizkaia) jaietan jo genuen, iazko abuztuan. Ordutik hona, abestiak prestatzen aritu gara hainbat hilez, lasai-lasai, estudioan. Lasaitasun horri eskerrak, disko honetarako gehiago landu ditugu konponketak.

Iaz kontzertu asko eskaini zenituzten.
M.A.: Bai. Eta horri eskerrak, gu gusturen zegaz genbiltzan eta jendeak zer zuen gogokoen identifikatu ahal izan genuen. Urtebetean asko jo genuen, eta ez ginen aspertu, baina gelditzeko unea heldu zitzaigula uste genuen. Tarte bat hartu genuen, aurrerapausoak zeintzuk izango ziren pentsatzeko.
J.A.: Lehen, txarangaren ordu biko errepertorioa eta kontzertuetakoa prestatu behar izaten genituen.Orain, kontzertuak lantzen aritu gara soilik. Negua pasatzean erabakiko dugu zer egin, baina, orain, zuzenekoak prestatzen baino ez gabiltza.

Lan berria kaleratu duzuenetik, kontzertu bi eskaini dituzue. Zelan joan dira?
M.A.: Iurretan eta Giliernan (Araba) eskaini ditugu kontzertu hauek, eta oso gustura aritu gara. Gilierna herri txikia da eta ez zituzten gure kantak ezagutzen, baina oso ondo hartu gintuzten.
J.A.: Kantak jakin ez arren, jendea gustura ibili zen, dantzan, eta horrela adierazi ziguten oholtzatik jaitsi ginenean ere. Ea Araban gehiago jotzeko aukera dugun.

Kontzertu gehiago dituzue lotuta?
M.A.: Durangoko jaietako hau daukagu, eta, gero, abendurako, hiru gehiago ditugu.
J.A.: Eskaera egin genuen arren, ez dugu Durangoko Azokako Ahotsenean jotzeko aukerarik izango, baina kalean jotzeko asmoa dugu, orain urte bi egin genuen moduan. Legazpian eta Algortan ere egongo gara.
M.A.: Kontuan edukita rantxerak gehiago direla udarako, ez dago txarto. Udan asko deitzen digute, jaietarako-eta, eta ondo dago bestelako tokietan ere kontzertuak jotzea. Kalean, tabernan eta elkarte kultural batean joko dugu.
J.A.: Orain urte bi ere jo genuen kalerik kale, karroagaz, eta gustura ibili ginen; ingurua errespetatzen genuen, kalean jende asko dabilen egunak direlako Azokakoak, eta, aldi berean, ikusle berri kopuru handi batengana heldu ginen.

Talde gutxi daude inguruan rantxerak egiten dituztenak.
M.A.: Egia da. Gureak, hala ere, ez dira rantxera klasikoak. Nahiko punkiak gara arlo horretan.

Taldekiderik gehienek iragan punkia duzue.
J.A.: Petitek izan ezik, gainerakook bai, baina berdin da, edozein lekutan jo izan du berak eta! (barrez)
M.A.: Abestien bertsioak apur bat azkarrago jotzen hasi ginen, horrela irteten zitzaizkigun eta. Erritmo horiekin, kanta propioak jo genitzakeela konturatu ginen gero. Horren ondoren, Petite beste erritmo batzuk jotzen hasten zen, eta gu horren gainetik.
J.A.: Aritu eta aritu, eboluzionatzen joan gara, estiloa fintzen eta gure lekua topatzen. Ez dakigu nora helduko garen. Gure helburua ondo pasatzea da eta ez dugu planik egin.
M.A.: Talde lez gehiago konprometitu gara, lan gehiago egin dugu. Bardeetara (Nafarroa) joan ginen argazkiak ateratzera, bideoklipa grabatu dugu, zuzenekoetarako jantziak aldatu ditugu. Barne funtzionamenduan ere aldaketak egin ditugu.

Hitzetan bizipoza transmititu gura izan duzue?
M.A.: Bai, izenburuak dioen moduan, bizitzeko dugun poztasun horri abesten diogu. Ez dira protesta-kantak. Esperientzietan oinarritzen dira, baina, bizitzan lez, kritika ere badago, ironiatik enfokatuta. Badugu kanta bat Francorentzat, beste bat euskararentzat, amets bat kontatzen duen beste bat...
J.A.: Bizipoza transmititu gura izan dugu beti, alaitasuna, askatasuna, momentu txarretan aurrera egiteko gogoa... Letretatik aparte, soinuaren doinuak ere alaitasuna transmititzen du; beraz, esan daiteke ez dela aurreikusitako zerbait, horrela irten zaigu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!