“Diskoak Tres41ren soinua du, baina gauza berriak probatu gura genituen”

Aritz Maldonado 2019ko mai. 28a, 09:40

Argazkia: Eneko Baceta

Maiatzean, 'Ceremonia Animal' kaleratu du Tres41 taldeak. Asier Otadui Zanak, Mario Cosmek, Mikel San Cipriano Purok eta Imanol Bilbaok osatzen dute taldea. Muturrera eraman dute euren hardcore, punk eta metal doinuen nahasketa, gozoa zena gozatuz eta basatia zena are basatiago eginez. Trasteak Ermuko (Gipuzkoa) Vertigo Rock jaialdirako prestatzen zebiltzala harrapatu ditugu lokalean.

Zer da 'Ceremonia Animal'?
Mario Cosme: Diskoko abesti bat horrela deitzen da. Berbak jarri genizkionean, ikusi nuen bat zetorrela lan osoak atzean duen ideiagaz. 'Ceremonia', jai moduan ulertzen dugunagatik, eta 'Animal', basakeriagatik. Askoz ere gehiago zabaldu gara disko honetan. Polita zena politago egin dugu, azkarra zena azkarrago egin dugu, makarra zena makarrago egin dugu. Muturrera eraman dugu dena, eta horregatik izan da jai bat. 

Bestelako doinuak ageri dira aurrerapen kantuetan.
Imanol Bilbao.: Disko honetan gure erreferentziak erakutsi gura izan ditugu. Aurrerapenetan ere entzuleak disko osoan aurkituko duena ikustea gura genuen.
M.C.: Tres41en doinuak ditu diskoak, jendeak badaki nondik joango garen, baina, aldi berean, gauza berriak probatu gura genituen, horrek behar handia suposatu digun arren. 

Zeri buruzkoak dira letrak?
M. San Cipriano:
Hor ere denetik dago, baina kritika soziala eta letra pertsonalak dira batez ere. Resilientes aurreko lanean ere horrela izan zen, baina ilunagoak izango ziren beharbada.
M.C.: Orokorrean, horrela egin dugu beti. Gure iritzia emango dugu ikusten ditugun gaiei buruz. Hiru abestitan hiru lagunek lagundu digute letrekin. 

Bigarren lana duzue laukote moduan. Egonkortu zarete?
M.S.:
Bizitzak bide batzuetatik zaramatza, eta geroago eta gehiago kostatzen da. Ni entsegu biren ondoren sartu nintzen grabaketara. Etxean behar asko egin behar izan dugu.
I.B.: Behar egiteko modua aldatu behar izan dugu, laneko txandengatik, umeak... Mariok Whatsappak bidaltzen zizkidan gitarra riffekin, eta tartean bere semea ere entzuten zen (barrez). Horren gainean egiten nuen behar, eta gero, gainontzekoei pasatu, faszikuluka balitz bezala. 
M.C.: Alde horretatik, apur bat desesperagarria izan da. Ideia bat eduki, eta emaitza ikusi orduko denbora asko pasatzen baitzen. Exigentzia maila ere nabarmen igo dugu.

Zelakoa izan da grabazioa?
I.B.:
Bateria doinuak Madrilgo Sadman estudioan grabatu ditugu, eta gainerakoa Berrizko Estoldetan, Igor Iglesiasegaz. 
M.C.: Masterra AEBetan egin dugu, Brad Boatright-egaz, Convergeren eta Baptistsen diskoetan behar egin duelako. Ez genekien zer izango zen, baina animatu egin ginen, eta asmatu dugulakoan gaude. 
Asier Otadui: Oso pozik gaude emaitzagaz. Igorrek eginiko lana errespetatu du, eta guretzat garrantzitsua zen hori. Itzela da konfiantzazko norbaitegaz lan egin ahal izatea, sortzen den loturagatik. Ceremonia Animal hau Igorrena ere bada, hein handi batean. 

Orain zuzenean aurkeztuko duzue? 
M.C.:
Zuzenean jotzeko, grabatzeko ibili garen moduan ibiliko gara, izorratuta. Dugun denbora baino ez dugu, eta, behingoagatik, beteko gaituzten gauzak egin gura ditugu. Diskoaren aurkezpena, adibidez, Andikoako ermitan egin genuen.
A.O.: Iaz, Zaldibarko Sorginen jo genuen, domeka eguerdi batez, eta sekulakoa izan zen. 
I.B.: Gauzak aldatu behar direla uste dugu. 

Izan duzue kolaboraziorik?
M.C.:
Disko bakoitza egin dugunean, jende askok lagundu digu, eta horrek asko aberasten du. Gehien ikusiko den lana Fernandorena [El Corazon del Sapo, Kuraia, Estricalla] izango da, noski, baina ez da bakarra izan. Shinovako Erlantzek 'sinte' pare bat egin dizkigu, eta nire anaia Asierrek gitarrako konponketa pare bat. Diseinua Alain Asenjorena da.
M.S.: Orain urte bi elkarregaz jo genuen Tres41ek eta Estricallak. Jotzen geundela, gure kantak abesten zebilela ikusi genuen. Itzela! 
I.B.: Biniloekin ere, lau banatzailek eta Mañariko U2 tabernak lagundu digute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!