“Diskoa kontzeptuala da, eta maila emateko euskaraz hobeto moldatuko ginela uste genuelako aldatu dugu”

Aritz Maldonado 2019ko ira. 13a, 11:00

Mocker´s taldeak 'Oreka Ahula' diskoa argitaratu du irailean. Rocka ardatz hartuta, doinu progresiboetara eta psikodelikoetara jo dute oraingo honetan, "inolako loturarik barik". Ia urtebeteko lan gogorraren fruitua da lan berri hau, txikitatik ezagutzen diren hiru lagunen pasiotik jaio dena. Ingelesetik euskararako jauzia eman dute lan berri honetan, gainera.

Euskara hutsean idatzi duzue 'Oreka Ahula'. Zergatik?
Jon Garcia: Hasierako asmoa disko erdia euskaraz eta beste erdia ingelesez egitea zen. Estudioan geundela, Curro Urebak [ekoizlea eta soinu teknikaria] dena euskaraz egitera animatu gintuen. Gainerako abestiak euskaratu, eta gehiago transmititzea lortu dugula uste dugu. Jotzerakoan ere gehiago motibatzen gaitu honek.
Ritxi Blanco: Disko kontzeptuala da, eta, maila emateko, euskaraz hobeto moldatuko ginela uste genuelako aldatu dugu. Currok berak asko animatu gintuen, rock psikodelikoa euskaraz oso originala izango zelakoan. Neure iritziz, euskaraz abesten duten taldeen aukera sorta zabaldu egin dela uste dut, eta horrek ere laguntzen du. Gaur egun, denerik entzun daiteke euskaraz: rocka, trapa, folka...

Zer dago kontzeptu horren atzean?
R.B.: Aurreko lanetan ere ahalegindu izan gara letrak zaintzen, baina gehiago izan dira kanpora begirako kexa modukoak. Oraingoan, gehiago izan da barrura begira, nola sentitu izan garen. Bizitzak duen oreka-desoreka horretan ipini dugu arreta.
Asier Elias: Gure barne hausnarketak dira, kanpora begira plazaratzen ditugunak.
J.G.: Letrak nahiko abstraktuak dira, eta bakoitzak bere ikuspuntua eduki dezake.

Smoke Signalsek egindako azalagaz borobildu duzue kontzeptua.
J.G.: Markelen lana itzela izan da, aurreko diskoan bezala. Ideia azaldu, eta bidali zuen lehenengo zirriborroagaz asmatu zuen.

Andaluziara joan zarete grabatzera. Zeren bila?
A.E.: Zenbait estudiotan ibili ginen begira, eta Ritxik hau aipatu zuen. Andaluzian rock psikodelikoa edo progresiboa jorratzen duen mugimendu garrantzitsu bat dago, eta talde guztiek Trafalgar estudioetan grabatu dute. Prezioz arrazoizkoa zela iruditu zitzaigun, eta astebeterako joatea erabaki genuen. Astebetean buru-belarri grabatzen ibili ginen, inolako distraziorik barik, eta horrek asko laguntzen du, baita sorkuntzarako ere.
R.B.: Gure sokakoak diren Atavismo, Viaje a 800 eta horrelakoak grabatu ditu Currok han. Jazz asko ere grabatzen du, eta ikuspegi esperimentala du. Abestien egitura, letrak eta melodiak hor zeuden jada, baina berak beste maila batera eramaten jakin du.

Spinda Recordsegaz kaleratu duzue diskoa, baita biniloan ere. Nolatan?
R.B.: Currok Bertogaz [diskoetxeko kudeatzailea] ipini gintuen harremanetan. Erraz heldu ginen adostasun batera beragaz, baina autonomiarik ez galtzea garrantzitsua zen guretzat. Autogestio zaleak gara gu.
J.G.: Publizitate arloan asko egiten ari da, asko laguntzen ari zaigu.

Hain zuzen ere, oihartzun handia edukitzen ari zarete komunikabide espezializatuetan.
J.G.: Ez genuen uste hainbesterako izango zenik. Gure espazioa asko zabaldu da. Itxaroten ez genuen lekuetan idazten ari dira guri buruz, Durangoko hiru mutili buruz, eta hori itzela da.
R.B.: Pozik gaude, eskertzekoa da arreta, baina badakigu iragankorra izango dela. Guk badakigu zenbat lan dagoen honen guztiaren atzean. Hala ere, zoratzekoa da Rockzone aldizkarian orri bi eskaintzea, adibidez. Pentsa, Graveyard bertan ezagutu nuen!

Gaur aurkeztuko duzue, Plateruenean. Gogotsu zaudete?
A.E.: Oso motibatuta gaude, eta, aldi berean, aurreko aurkezpenean baino lasaiago. Hainbat aldaketa egin dugu soinuan.
R.B.: Zuzeneko soinua ere kontzienteki landu dugu. Ez dakigu noraino heldu gaitezkeen, ez dugulako mediorik dena kontrolatzeko, baina lasai goaz, etxean jotzeko gogoz, eta diskoaz oso harro.
J.G.: Hiru izaterakoan, zuzenekoan soinuaren kontua nahiko zaila izaten da diskokoarekin alderatuz. Baina lortuko dugulakoan gaude.

Sermondsegaz batera. Zuen "anaia nagusi" legez aipatu izan dituzue.
R.B.: 2011n elkarregaz jo genuen, gure lehenengo kontzertuetako batean. Oso hartu-eman ona izan dugu beti eurekin. Sekulako taldea dira, behar den beste baloratuta ez dagoena. Eurekin jotzea oparia da.
A.E.: Egundoko taldea da, erreferentea guretzat. Rockaren aldeko apustua egin izan dute beti, gainera.

Hamarkada bat daramazue beharrean, eta hainbat etapa igaro dituzue. Zer geratzen zaizue esateko?
J.G.: Izugarria izango litzateke Azkena Rock Festival jaialdian jotzea, adibidez (barrez).
R.B.: Horrela jarraitzea beste hamar urtean.
A.E.: Kanpora irtetea ere ondo legoke. Aurreko diskoagaz hiru edo lau bider irten genuen. Oraingoan gehiago irtetea gustatuko litzaiguke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!