Pozik zaudete egindako lanagaz?
Eneko Baseta: Gure lehenengo lanean, maketa grabatu osteko abestiak sartu gura genituen. Maketagaz ez bezala, denbora gehiago eskaini ahal genion zerbait egiteko gogoa genuen.
Unai Baseta: Nahikoa disko heterogeneoa geratu zaigu, hardcore doinuen barruan, noski. Ñabardura ugari dituzte abestiek, eta horrek dibertigarri egiten ditu. Entzuteko erraza dela iruditzen zaigu.
Grabatzeko modua aldatu duzue.
E.B.: Probatu egin gura genuen, eta oso gustura gaude emaitzagaz. Oraingo honetan, instrumentu bakoitzari bere garrantzia eman gura genion.
E.B.: Gehiago landu dugu oraingoan. Gure sinpletasunean, landuago dago dena, eta, konposatzerakoan, exigentzia maila igo dugu.
Talde moduan, egonkortu egin zarete azkenaldian.
Gaizka De la Torre: Urte eta erdi igaro da taldeagaz lehenengoz jo nuenetik, eta orain konposaketan ere parte hartu dut. Doinu desberdinak nahasten ditugu, baina, esentzian, nabari da gureak direla.
U.B.: Findu egin dugu gure estiloa. Abesti batzuk hardcore pisutsua dira, beste batzuek ukitu punkia dute, laburrak eta zuzenak...
E.B.: Madball, Sick Of It All, NY hardcorearen eragina hor dago, eta igartzen da.
'Integridad' zabaltzeko, autogestioa aukeratu duzue.
E.B.: Aurremaketa geuk egin genuen, Zanaren [Tres41] eta Hodeiren [Ikarass] laguntzagaz. Diseinuan denok parte hartu dugu, kantak egiterakoan, berbetan...
U.B.: Hardcorean ohikoa den Do It Yourself filosofiagaz bat egiten dugu.
Lagunek ere abestu dute, ezta?
E.B.: Ikarass-eko Imanolek, Worth It-eko Aritz Tarranek eta Ion Chavezek abestu dute. Denek bikain egin dute euren lana, eta freskotasuna ematen diote diskoari. Baina, hori baino gehiago, familian egitearen sentsazioa dugu, eta horixe da onena.
U.B.: Abesti bat, osorik, Beat Salad kolektiboagaz egin dugun kolaborazio bat da. Aspalditik genuen buruan, hip hop zaleak garelako. Aukera irten zen, eta oso gustura geratu gara emaitzagaz.
Zeri buruz abestu duzue oraingoan?
U.B.: Oraingoan, abestietako berbek ukitu sozialagoa dutela esango nuke. Errefuxiatuen egoeraz eta sexismoaz abestu dugu, esate baterako.
Orain, baduzue zuzenean aurkezteko asmorik?
E.B.: Ekainean kontzertu bi joko ditugu, eta, gero, geldialditxo bat egingo dugu, irailera arte.
U.B.: Kanpora irtetea gustatuko litzaiguke.
Topan egingo duzue diskoaren aurkezpena.
E.B.: Horrelako espazioak egotea oso aberasgarria da. Beste publiko batengana zabaltzen du musika. Gainera, arratsaldean egitea interesgarria dela uste dugu.
U.B.: Ikusleentzat ere interesgarria da. Gauza gehiago daude musika komertzialaz haratago, eta horiek erakutsi egin behar dira.