'Tú decides el final' diskoak berritasunak dakartza.
Hogeita bi urte hauetako eboluzioa dakar, hainbat matizekin: metal doinuak muturrera eraman ditugu, eta hardcore doinuak ere bai. Horrela irten zaigu, ez da bilatu dugun zerbait.
Zuen kontura grabatu duzue.
Bai, lokalean grabatzeak abantailak ditu, bai erosotasun aldetik, bai alde ekonomikotik. Astean birritan entseatzen dugu, eta hor egin behar dugu guztia: konposatu, eta grabatu. Denbora asko eraman digu; otsailetik geneukan grabatuta, baina atzeratu egin genuen publikazioa, Blood Fire Deatheko lagunek hala gomendatuta; urrira arte itxaroteko esan ziguten.
Oso harrera ona edukitzen dabil hedabideetan.
Bai. Egia esan, oso pozik gaude. Kritika on bakoitza gure iraunkortasunari emandako saritzat hartzen dugu. Orokorrean, ezer berririk ez dugula sortu esaten ari zaizkigu, baina garapen bat nabaritzen dela azpimarratzen digute. Feedbacka oso ona izaten ari da entzuleen artean ere, zuzenekoetan. Orain denbora gutxi, Santanderren (Espainia) jo genuen, eta nahikoa lagun mugitzea lortu genuen, adibidez.
Zein da sekretua hogeita bi urteko ibilbidea egiteko?
Bikote harreman baten modukoa da, eta entsegurik ez dagoenean adibidez, horren falta igartzen duzu. Errutina bat ere bilakatu da. Gure artean desberdintasunak ditugu, baina hori ona dela uste dugu, aberasgarria. Erraza ez da izan. Nola lortu dugun? Ez dakigu. Zorte apur bat ere izan dugu, gure inguruko talde asko bidean geratu dira eta. Gure garaiko taldeen artean, Sei Urte izango da bizirik jarraitzen duen bakarra. Beharbada, dirua egongo balitz edo bestelako presio maila bat... Orain, Blood Fire Deathen kontuagaz, presio apur bat gehiago edukiko dugu, baina ez dakigu. Gure lan eskemetara ondo moldatu dira.
Nondik dator Blood Fire Deathegaz elkarlana?
Hogeigarren urteurreneko biratik dator. Eurekin hartu-emanetan ipini ginen kontzertu batzuk lotzeko asmoz, eta diskoetxe lez ere funtzionatzen zutela esan ziguten; baldintzetako bat, baina, eurekin hutsetik hasi behar zela zen. Kasu horretan ezin izan zen, baina hurrengorako probatzekotan geratu ginen. Disko berria esku artean genuenean, eurekin hartu-emanetan ipini ginen berriro. Interesa agertu zuten hasieratik, eurentzat ere erronka bat zelako. Death metaleko taldeekin lan egiten dute batez ere, eta, beharbada, gurea baino ibilbide laburragoa duten taldeekin.
Lehenago ez zitzaigun horrelakorik gertatu, eta, beraz, guretzat ere interesgarria da. Pozik gaude gainera, izan ere Rockzoneko Pau Navarra da diskoetxeko kideetariko bat. Beraz, badakigu filtro zorrotza pasatu dugula.
Diskora itzulita, kritikaz beteriko berbak idatzi dituzue, baina positiboki.
Bai, funtsa horixe dela uste dugu. Arazo bat dagoen bakoitzean kexatzea ez da nahikoa izaten. Askotan esaten da 'arazo bat baduzu, ez etorri kexagaz, etorri konponbideagaz'. Bada, guretzat ere hori da. Salatzen dugu, baina gure aletxoa ipini gura dugu konponbiderako. Azken disko hau bereziki kritikoa irten zaigu, baina bizi dugun egoeragaz ere ez da gatxa izan horrelako berbak irtetea.
Martxoak 31ren 'Ene lagun galduak'-en bertsioa ere sartu duzue diskoan. Iban Gorritik ere abestu du bertan.
Urteak daramatzagu abesti hori jotzen, bertsio desberdinetan, gure eboluzioaren araberakoa. Gorritik beti babestu gaitu, beti egon da gugaz, aholkatu egin gaitu, eta hainbat bider igo da oholtzara gugaz abestera. Bide batez, esker oneko aitortza bat izatea gura genuen, baina ez horretarako bakarrik; bai Martxoak 31, bai Gorriti bera omentzeko gogoa genuen.
Baduzue beste kontzerturik epe motzera?
Azaroaren 30ean Iruñean egongo gara. Bestalde, Estatuan egitekoak garen bira lotzen ari gara. Orain artean, noizbehinkako irteerak egin ditugu; hau, ostera, zerbait potentea izango da. Ezin dugu ezer gehiago aurreratu, birak 2020 osoan zehar iraungo duela bakarrik.
Zer geratzen zaio esateko Alertari?
Sinesten jarraitzen dugu, eta inoiz baino indartsuago sentitzen gara. Hasierako gogo berdinekin jarraitzen dugu. Oso bizirik gaude, eta istorio hau beste modu batera bizitzeko aukera berri bategaz Blood Fire Death taldeagaz. Ume bat zapatila berriekin lez gaude, apurtzeko prest.