“Oraingoan, lortu dugu Nebrashka denaren benetako espresioa izatea”

Aritz Maldonado 2019ko aza. 4a, 09:45

Astelehenero legez, entsegurako hitzordua du Nebrashkak. Lokalera sartu aurretik, Ander Bastida abeslariagaz berba egin dugu. Alain Asenjok (bateria), Gorka Muñozek (kitarra), Txerra Gonzalezek (gitarra) eta Markos Agirrek (baxua) osatzen dute Nebrashka.

Zer da 'Lawak'?
Sinplea da: lau abesti. Lan honetarako, beste modu batera lan egin dugu. Aurrekoa Bilbon grabatu genuen, Xanpegaz, asteburu batean, ordu piloa sartuta. Biziminan oraindino igartzen zen Yoko Outekiko lotura hori. Oraingoan, lortu dugu Nebrashkaren benetako espresioa izatea. Abesti gehiago ditugu, baina, azken finean, lan hau gue aurkezpena izatea gure genuen. Ilusio handiz egin dugun lana da.

Zuen kabuz grabatu duzue.
Bigarren hau lokalean grabatu dugu, apurka-apurka, entsegu orduetan, Txerraren ordenagailuagaz eta mikrofono bategaz. Burgosko lagun batek egin du masterizazioa. Modu honetara eginda, denbora asko behar da, batez ere Txerrarentzat, lan tekniko handia egin du eta. Baina, aldi berean, lasai egin dugu. Ez dugu neke sentsaziorik. Talde handiak zortzi astez edo bi hilez sartzen dira. Lasai lan egin dezakete estudioan, baina guk egun bitan egin behar dugu dena. Horrenbestez, gustura geratu gara horrela eginda.

Pertsonalki, melodikoagoa iruditu zait lan hau. Bilatzen zenuten zerbait izan da?
Era natural batean irten zaigu. Soinu gogorrak egin arren, beti ahalegintzen gara melodia sartzen, oso melodiazaleak garelako; mezu bat zabaltzen ere ahalegintzen gara, eta geure erara irteten zaigu. Rock&rollzaleak gara, baina melodiazaleak ere bagara. Zein talde zen jakin barik, gure musika entzun eta lagun baten bikotekideak Nebrashka zela asmatu zuen. Asko poztu ninduen horrek. Talde melodikoa gara, baina ez hori bilatzen dugulako. Entsegu orduetan irteten dira horrelakoak, natural.

Sorreran, helburua urtean hiruzpalau kontzertu eskaintzea zela zenioten. Pozik egindako ibilbideagaz?
Gure helburua disfrutatzen jarraitzea da. Ez dugu helmugarik. Azaroaren 8an El Muellen joko dugu, Bilbon, adibidez. Beti dago ondo ingurunetik irten eta jende berriari zure musika erakustea. Maratoi bat egitea lakoa da hau guretzat, apurka-apurka helburuak lortuz.

Epe luzera begiratzen duzue?
Epe laburrera begira pentsatzen dugu, eta Bilboko eta Durangoko kontzertuak dira gure epe laburra. Gero gerokoak. 2020rako ez dugu ezer pentsatuta, datorrela etorri behar duena. Guk astelehenero entseatzen jarraituko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!