'Maite eta gorroto' lana kaleratu berri duzue eta aldaketa nabarmena dago estilo aldetik. Zergatik?
Jon Arzubia: Lehen gitarra jotzen zuenak taldea utzi zuen; orduan, bateria jotzen zuena gitarra jotzen hasi zen, eta bateria kendu genuen. Ondoren, Aritz kajoia jotzen sartu zen, eta horrela irten zen soinu hori. Amaia batu zen gero, biolinagaz. Ez dakit sosoagoa den ala ez, baina hori da irten dena.
Aritz Maldonado: Horrela irten zen, pretentsio handirik barik. Ez da Mumford&Sons anarkistak izan gura genuela, ez horrelako ezer.
J.A.: Gainera, geroago eta traste gutxiago erabiltzea zen gure asmoa, anplifikadoreak eta horrelakoak alde batera utzita.
Zer dago 'Maite eta gorroto'-ren atzean?
J.A.: Ba, gorroto eta maite.
A.M.: Bizitza bera da horrelakoa. Alde biak ditu eta guk ere berdina egin dugu. Lehenengo diskoan, letrak adarjotzaileagoak ziren, alde batekoak zirela esan daiteke. Orain, ostera, letrak horrela irten dira, eta lan honek bizitzaren alde bi horiek erakusten ditu.
J.A.: Lehenengo disko hura punkiagoa izan zen, eta hau, beharbada, ñoñoagoa. Musika estiloa aldatzeagatik izan daiteke.
A.M.: Ñoñoa barik, letra aldetik iluna dela esango nuke. Musika askoz ere argiagoa da, eta badu argitasun bat gero letrek kentzen diotena.
J.A.: Letrak entzunez gero, beharbada bai, ilunagoa izan daiteke.
Taldekide ia guztiek abesten duzue. Nola erabakitzen duzue nork abestu?
J.A.: Lehenengotan esan genuen letra egiten duenak abestuko duela. Kontua da Aritzek letra pare bat idatzi duela, baina ez du abestu gura izan. Orduan, niri tokatu zait horiek abestea, besterik barik.
Kororen bat egiten ei du.
J.A.: Zuzenean ikusi gura nuke.
A.M.: Nik entzuleen mesederako ez dut abesten. Diskoa entzuten duenak ondo eskertuko du nik abestu ez izana. Baina, bai, batek baino gehiagok abesteak jokoa ematen du. Nik kanpotik bizi izan dut Ganorabakuek, eta beste ukitu bat ematen dio hainbeste abeslari izateak. Izaera ematen dio, horixe da Ganorabakuek. Denon arteko zerbait.
J.A.: Ez daukagu finkatuta zein den abeslaria, eta jendea harritu egiten da horregaz. Horrela, zerbait desberdina lortzen dugu.
Aurreko diskoaren grabazioa nahikoa luzatu zen denboran. Kasu honetan, egun bakarrean grabatu duzue. Nola konpondu zarete?
J.A.: Ia urte eta erdian, horixe bakarrik entseatzen aritu gara.
A.M.: Dena oso neurtuta geneukan, eskaleta eta guzti.
J.A.: Ez, ez da horrela izan. Abestiak banan-banan grabatzea pentsatu genuen, normalean egiten den moduan. Baina horrek denbora behar du eta bakoitzak bere bizimodua du. Beraz, zailagoa zen denbora ateratzeko. Orduan, dena batera grabatzea pentsatu genuen, eta ondo irtenez gero, horrela kaleratzea. Eta nahiko ondo irten da.
A.M.: Guk ere ez genuen itxaroten. Denbora bat generaman abestiak entseatzen, eta ondo irteten ziren. Bueno, edo ezin genituen hobeto jo. Beraz, etapa bat ixteko, abestiak grabatzea erabaki genuen. Berez, abestiak grabatzea zen asmoa. Momentu hartan, ez genekien diskoa aterako genuen ala ez.
Dudak zenituzten diskoa kaleratzeko?
J.A.: Ez genuen asmorik CDa ateratzeko. Bueno, beharbada... Dena aidean, badakizu? Bakoitzak bere ideia izango zuen, baina ez genuen planteatu ere egin. Gero, CDa grabatu genuen eta nahiko kurioso dago. Diseinua-eta, nahiko elegante.
A.M.: Emaitza bera entzun, eta gustatu egin zitzaigun. Ematen du oso serioak eta langileak garela, baina uzten diogu lekua inprobisazioari.
Beraz, hori da diskoa zuen kabuz kaleratzearen arrazoia?
J.A.: Bueno, diskoa kaleratzea erraza da, eta, gainera, kaleratutako 250 aleak nahiko arin saldu ditugu. Momentu honetan, pare bat gelditzen zaizkigu saltzeko.
A.M.: Nik gehiago ditut; kontzertu egunerako ditut gordeta. Erraza izateaz gainera, sinisten dugun gauza bat da. Geuk erabakitzen dugu dena, eta inork ere ez digu ezer agindu eta ez gaitu ezertan ere presionatu. Behin gure kabuz egiten hasita, geuk kaleratu eta geuk saldu ditugu. Bidea egiteko aukera bat da hori.
Non lortu daiteke?
J.A.: Facebooketik idatzita edo gutakoren bati eskatuta. Baina, argi, bi daude eta!
A.M.: Edo kontzertu egunean. Ale-kopuru mugatua egin dugu eta gehiago ez ateratzea pentsatu dugu. Zerbait berezia gura genuen, baina aukera galdu duenak internetetik (ganorabakuek.bandcamp.com) hartzeko aukera izango du.
Urriaren 13an aurkeztuko duzue lana.
J.A.: Lana, berez, aurkeztuta dago. Abesti horiek ez dakit zenbat denboran ibili garen jotzen. Alde horretatik, beti joan gara haize kontra, eta beti egin dugu berdin. Ez dakit zerk huts egiten duen hor, baina abestiak kaleratzen ditugu. Jo egiten ditugu, eta nekatzen garenean, grabatu egiten ditugu. Orduan, sekula ere ikusi ez gaituenak zerbait berria ikusiko du. Baina, kontzerturen batera etorri denak, ba, txorrada berriren bat edo beste entzungo du.
A.M.: Kontzertuak eman ditugu, baina ez asko. Beraz, urriaren 13ko kontzertua aukera bat da jendearetzat, eta animatu daitezela. Inoiz ere ez dakizu noiz izango den hurrengo kontzertua.
Hortik aurrera, ze asmo?
J.A.: Finkatuta, urriaren 13a daukagu, eta, aspaldiko partez, data horretarako gabiltza entseatzen. Gero? Ba, ez dakigu.
A.M.: Oraingoz, lana amaitu arteko kontratua dugu hitzartuta; urriaren 13ra arte dago eta urriaren 14an edo 15ean erabakiko dugu.
J.A.: Gu elkartu orduko, hilabete pasatuko dela esango nuke.