“D bat gehitu diogu izenari, 'Nerd' hitzagaz jokatzeko; guztiok ere friki ukitu interesgarria dugula uste dugu”

Aritz Maldonado 2019ko urr. 27a, 10:20

Joseba Irigorasek eta Liher Granadosek hamarkada bat baino gehiago daramate elkarregaz musika egiten. Kontzertu batean ikusi eta gero, Jon Sanchez batu zitzaien proiektura, orain bost urte inguru, eta, azkenaldian, Asier Elias ere batu zaie. Azken urte bietan, formazio bera mantendu du taldeak: Joseba Irigoras (gitarra eta ahotsak), Liher Granados (baxua), Jon Sanchez (gitarra) eta Asier Elias (bateria). Izen bereko lau abestiko disko laburra kaleratu dute oraintsu, eta gogo itzela dute zuzenean aurkezteko.

Urte luzez zabiltzate elkarregaz. Nolatan sortu zen taldea?
Joseba Irigoras:
Abesti batzuk idatzita nituen, rock & rollera enfokatuagoak. Kanterogaz hasi nintzen, eta lauzpabost entseguren ondoren, Liher batu zen. Hamar bat urte egin genituen Mooshiners izenagaz.
Liher Granados: Hasieran, entseatu baino ez genuen egiten. Gero sortu genuen Moonshiners.
J.I.: Izenak ematen dion hegoaldeko ukitu hori zelan geratzen zen gustatu zitzaigun. Izen bat eskatu ziguten 'Greatest Hits' gauetako batean jotzeko, eta hori bidali genuen; AC/DCren bertsioak egin genituen, Shinovako Gabigaz.
L.G.: Hurrengo 'Greatest Hits' gauean, Jon ikusi genuen, Steve Rayren bertsioak jotzen. Lagun berak genituen, eta taldean sartzera gonbidatu genuen.
Jon Sanchez: Gitarrista ona barik, karismatikoa naiz (barrez). Ordutik, bost urte-edo igaro dira.

Gerora, Elias batu zitzaizuen.
L. G.:
Kanterok utzi egin zuen proiektua, Alertagaz jarraitzeko, eta Asier Elias animatu zen gugaz jotzera, taldea gustuko zuelako. Urte bi daramatza jada. Gero, asko entseatu ondoren, abesti hauek grabatzera animatu ginen, eta, estudioan geundela, Martin L. Guevarak [Capsula] izena aldatzeko gomendatu zigun, Moonshiners lez erreferentzia asko zeudelakoan. 'D'-a gehitzea pentsatu genuen, nerds berbagaz jolasteko. Guztiok ere friki ukitu interes hori dugula uste genuen, eta horrela gelditu da.

Urte hauetan guztietan, abesti asko sortuko zenituzten. Zelan egin duzue diskorako aukeraketa?
J.I.:
Abesti asko egin ditugu, eta horietariko asko entseguetan ere ez ditugu jotzen. Gehien ordezkatzen gaituztenak aukeratu gura izan ditugu. Soft rock lez definitu daitekeen abesti bat dago, beste bat doinu rockeroagoa duena, eta nahiko kañeroa den beste bat. Hizkuntzagaz ere berdin egin dugu: abestietariko bi euskaraz dira, eta beste biak ingelesez. I Looser, adibidez, zuzenekoak hasteko oso ona dela iruditzen zaigu, riff astuna eta bizkorra du, moteroa da.
L.G.: Grabatu ere elkarregaz egin dugu, denok batera. Askoz ere azkarrago jotzen dela iruditzen zaigu, eta elkarregaz jotzean sortzen den feeling hori ere lortu gura genuen. Mocker´s-ekoak lagunak ditugu, eta bagenekien eurek ere horrela egin zutela. Haiek han grabatu izanak ere ateak zabaldu zizkigun.

Eta zelan joan zen grabazioa?
J.I.:
Oso pozik gaude emaitzagaz. Hiru egunean grabaturiko maketatxo bat da, eta lan bikaina egin duela uste dugu.
J.S.: Gugaz oso ondo portatu zen, hasieratik. Produktore lanak ere egin ditu, abestiak mozten eta proposamenak egiten. Diskoan agertzen den kolaborazioa bere ideia izan zen, adibidez.

Rocka zentzu zabalean ulertzen duzue. Zelan azalduko zenukete zer den egiten duzuena?
J.S.:
Liherrek eta biok jazzetik eta bluesetik edaten dugu gehiago. Joseba, ostera, metaletik edo stonerretik dator gehiago. Erdibidea edo elkargunea egiten dugun rock honetan dagoela uste dugu. Azken finean, jotzerakoan ez duzu buruan hau egin, edo bestea egin, natural irteten zaigun horretan igartzen dira influentziak. Gure ustetan, leku guztietatik hartzea da onena.
L.G.: Egiten duguna metal zale zein rock zale klasiko bati gustatu dakiekeela uste dugu. Zuzenekoetan bertsioak jotzen ditugu, eta hor ere igartzen dira erreferentziak. The Police eta AC/DC taldeen bertsioak jotzen ditugu, besteak beste.

Zein izango da hurrengo pausoa?
L.G.:
Diskoa plataforma digitaletan kaleratu dugu, eta KDak heltzeko zain gaude orain. Horrez gainera, ahalik eta zuzeneko gehien eskaintzea dugu helburu. Dena delakoagatik, oso gutxi jo dugu zuzenean. Orain erreferentzia bat dugu erakusteko, eta horregaz leku gehiagotan jotzeko aukera edukitzea itxaroten dugu. Aurrera begira, ondo legoke EP honen bigarren zati bat grabatzea, edota lan luzeago bat.

Zeri buruzkoak dira letrak?
J.I.:
Gizartearen alde ezkorra ateratzen dugula uste dut. Dekadentzia edo ezkortasun bat ageri da. I Loser, adibidez, galtzaileei buruzkoa da, baina hausnarketara ere bultzatzen du, ea nork erabakitzen duen nor den galtzailea. Pentsatzen egun txar bat duen tipo bati buruzkoa da, eta American Hero ere horrela ulertu daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!