“Diskoa estudio bitan grabatu dugunez, xehetasunei tarte gehiago eskaini diegu ”

Aritz Maldonado 2019ko ira. 8a, 10:00

Asier Larreak eta Alex Hernandezek 2010ean sortu zuten Blackhearth. Izen bereko diskoa kaleratu dute 2019an, Endika Ortega (gitarra), Jorge Sanchez (baxua), Alain Concepcion (ahotsa) eta Julio Veigagaz (teklatua) batera.

Nola deskribatuko zenukete diskoa? Nolatan kaleratu duzue orain?
Alex Hernandez: Urte batzuk lehenagotik dator dena. Nik gitarra jotzen nuen, eta elkarregaz zerbait egiteko gogoa piztu zitzaigun. Denbora aurrera joan ahala, planteamendua serioagoa bihurtu zen, gure artean kimika ona egon baita hasieratik entseguetan. Hasieran ez genuen eskarmentua eman digu denborak, eta hori ere nabaritzen da. Estiloari dagokionez, heavy metala da nagusi. Esango nuke, baina, soinu pertsonala duela; musika ulertzeko modu bat da, eta horixe da diskoan islatzen duguna. Nahiko lan anitza geratu zaigu.
Asier Larrea: Taldean aldaketa asko egon dira partaideei dagokienez, sartu-irten asko egon dira. Honek asko baldintzatu ditu gure planak, batez ere diskoa kaleratzerakoan. Denbora luzez, musikari bila aritu gara taldea osatzeko, eta zein zaila zen ikusita, musikari profesionalekin egitea erabaki genuen. 2017an ipini ginen eurekin harremanetan, eta euren laguntza izan dugu abesti batzuk konpontzeko eta sortzeko. Iazko urte amaieran hasi genuen grabazioa, eta aurten kaleratu dugu diskoa.

Zeri buruzkoak dira hitzak?
A.H.: Hitzak ez dira oso baikorrak. Giro dekadente moduko bat islatzen dute, baina, hala ere, beti agertzen da argiren bat. Gehienbat, soziala da diskoa, eta bizitza pertsonalean gertatutako zenbait gauza ere agertzen dira. Sakontasunagaz idazten ahalegindu naiz.

Nola joan zen grabazioa? Zuen lehenengo esperientzia izan da estudioan?
A.H.: Bai, lehenengoa. Bateria eta ahotsak Tio Pete estudioan grabatu genituen, Iñigo Escauriazaren gidaritzapean. Gitarrak, baxuak eta teklatuak, ostera, Auryn Studion. Diskoa estudio bitan grabatu dugunez, xehetasunei tarte handiagoa eskaintzeko aukera izateaz gainera, denbora ere gure beharrizanetara moldatzeko aukera izan dugu. Prozesu luzea izan den arren, oso gustura sentitu gara.
A.L.: Gure lehenengo esperientzia izan da estudio profesional batean, bai. Oso gustora sentitu gara estudio bietan, eta Iñigok eta Tristanek gugaz edukitako tratua eskertu behar dugu. Uneoro aholkuak ematen aritu dira, eta euren esperientzia gugaz konpartitu dute. Azken urte honetan gauza mordoa ikasi dugu.

Heavy metala jorratzen duzue. Zeintzuk dira zuen influentzia nagusiak?
A.H.: Niri talde klasikoak gustatu izan zaizkit beti: Iron Maiden, Black Sabbath, Judas Priest, Savatage, Mercyful Fate, Queenrÿche...
A.L.: Nire kasuan, Alemanian eta Eskandinaviako herrialdeetan egiten den power eta heavy metala atsegin ditut: Helloween, Rage, Stratovarius, Lost Horizon...

Sliptrick Records zigiluagaz zabalduko duzue diskoa munduan?
A.H.: Blackhearth gustatu zitzaien, eta lehenengo diskoa ateratzeko aukera eskaini ziguten. Diskoetxeek abantaila asko eskaintzen dizkizute, hori ukaezina da. Oso harrera ona izan dugu haien aldetik.
A.L.: Hasieran, estatuko zigilu bat topatzen ahalegindu ginen. Ezetza jaso eta gero, gure kabuz ateratzea erabaki genuen, Rock CDren eskutik. Promozio lanak egin eta gero etorri ziren Sliptrick Recordsekoak. Interesa erakutsi zuten, eta baldintzak oso onak zirenez, dudarik barik eurekin kontratua sinatu eta gure diskoa munduan saltzeko aukerari ekin diogu.

Non erosi daiteke diskoa?
A.H.:
Durangon, Hitz liburu-dendan eta Eternal Soul tatuaje dendan, eta Bilboko Power Recordsen ere bai. Honez gainera, etxera ere bidaltzen dugu. Diskoaren deskarga digitala egiteko aukera ere eskaintzen dugu, Bandcamp orrialdean.

Baduzue zuzenean aurkezteko asmorik?
A.H.: Bai. Ilusio handiagaz gabiltza, gainera. Diskoaren kantak ezagutaraztea da gure helburu nagusia.
A.L.: Jakina. Laster albiste onak edukitzea eta zenbait kontzerturen datak baieztatu ahal izatea espero dugu. Oraingoz, itxaron egin beharko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!