Osasuntsu, bertako eta goxo. Durangaldeko ekoizleek Durangoko merkatu plaza eta hornidura merkatua biziarazteko ekintza sorta aurkeztu dute eguerdi honetan. Argi daukate: ekintzekin herritarrak murgildu gura dituzte merkatu plazako giroan, hornidura merkatuan, bertako produktuen berri izan eta horiek kontsumitzera bultzatzeko. Ekoizleek urtea amaitu arteko plangintza aurkeztu dute, lau kategoriatako ekintzak bertan batuta. Hile bakoitzeko lehenengo zapatuan, adibidez, askotariko ekoizleak gonbidatuko dituzte merkatura: oilo-salda, hanburgesa, kontserba, ahuntz-gazta eta ama-orez egindako ogi ekoizleak. Merkatuan erosketaren bat egiten duenak txartel bat eskuratuko du produktu horiek dastatzeko. Horrez gainera, herritarren parte hartzeagaz osatutako sukaldaritza tailerrak ere egingo dituzte merkatuan bertan. Azkenik, mokadutxoak ere eskainiko dituzte. Bertako produktuekin sortutako hamaiketakoak batetik, eta, hornidura merkatuko produktuekin egindako pintxo-pote berezia bestetik.
Ekintzak dinamizatzen dabilen ekoizleetako bat Ana De la Maza garaitarra da. Adierazi duenez, ekintzen "helburua merkatu plazari erabilpena ematea da, herritarrak bertan murgiltzea, eskualdean ekoizten direnak ezagutzera emanda eta inguru horretan ekintzak antolatuta". Ekintza sortari zapatu honetan emango diote hasiera. Mentxu Amunategiren eskutik sendabelarrekin osatutako sukaldaritza tailerra egongo da goizeko 10:00etatik 12:00etara. (Ekintza guztiei buruzko xehetasunak eta egutegia behean kontsultatu daitezke).
"Norabide biko lana"
Baserritarren ekintzek Durangoko Udalaren parte hartzea daukate. Iker Urkiza zinegotziak adierazi duenez, merkatu plazak eta hornidura plazak "norabide biko lana" behar dute. "Batetik, epe luzerako proiektu bat diseinatzen gabiltza, merkatua sakonetik aldatzeko eta berritzeko. Bestetik, merkatua dinamizatzeko ekintzak antolatzen dabiltza", azaldu du Urkizak. Jorge Varela zinegotziak ere ildo beretik egin du berba: "merkatu plazaren biziberritzea lehentasun bat dela argi daukagu. Funtsezkoa da eraikina berritzea, merkatua herriko komertzioaren zutabe izan dadin. Bertako produktuak, kalitatezkoak eta gertuko tratua eskaini ditzan". Pasa den ekainean, udalak merkatuko eraikina eraberritzeko proiektua aurkeztu zuen proiektuan inplikatutako eragileen aurrean.
MERKATUA DINAMIZATZEKO EKINTZAK
- Irailak 24. Sukaldaritza tailerra: Sendabelarrak sukaldean. Gidaria: Mentxu Amunategi. 10:00-12:00
- Irailak 29. Pintxo-potea hornidura merkatuan. 18:00-20:00
- Urriak 1. Ekoizle gonbidatua baserritarren merkatuan: Delikatetxe. Oilo-salda, kontserbak eta hanburgesak. Merkatuan erosketaren bat egiten duenak txartel bat eskuratuko du produktu horiek dastatzeko.
- Urriak 15. Tokiko produktuekin osatutako hamaiketakoa: Amillena. Udazken oparoa. 11:00-13:00
- Urriak 27. Pintxo-potea hornidura merkatuan. 18:00-20:00
- Azaroak 5. Ekoizle gonbidatua baserritarren merkatuan: Otxauntz. Ahuntz-gazta. Merkatuan erosketaren bat egiten duenak txartel bat eskuratuko du produktua dastatzeko.
- Azaroak 19. Sukaldaritza tailerra: Familiako sukaldea. Gidaria: Amillena. 10:00-12:00
- Azaroak 24. Pintxo-potea hornidura merkatuan. 18:00-20:00
- Abenduak 3. Ekoizle gonbidatua baserritarren merkatuan: Patxikobaso. Ama-orez egindako ogia. Merkatuan erosketaren bat egiten duenak txartel bat eskuratuko du produktua dastatzeko.
- Abenduak 24. Tokiko produktuekin osatutako hamaiketakoa: Bizio. Sasoiko pintxoak. 11:00-13:00