Euskaberreko Etxaldeetako oiloei irteera ematea da Delikatetxeren helburua. Kooperatiba honi eskerrak, ekoizleek konponbidea ematen diote arazo bati. "Ekoizleek oilo zaharrak kentzeko duten arazoaren berri izan genuen. Horregaz zeozer egin genezakeela pentsatu eta proiektuari ekitea erabaki genuen", azaldu du Xabier Gorrotxategik.
Euskaberreko Etxaldeetako oiloekin zero kilometroko hainbat produktu egiten dute Delikatetxeko kideek. Alde batetik, salda egiten dute. Salda egiteko, oilo freskoa, porrua, tipula, azenarioa, apioa eta gatza erabiltzen dituzte. "Su motelean egosten dugu, eta, behin egosita, salda hori pausatzen uzten dugu. Horrela, koipe guztia goiko aldean geratzen da eta guk azpiko aldetik hartzen dugu salda", jarraitu du Gorrotxategik.
Hala ere, salda ez da Delikatetxek egiten duen produktu bakarra. Oilo paparragaz, azenarioagaz, porruagaz eta Idiazabal gaztagaz hanburgesak egiten dituzte. Horrez gainera, salda egiteko erabilitako tipulekin tipulada egiten dute, hau da, tipula konfita. "Saldan egosi den tipula hartu, beste lapiko batean sartu, eta tipula konfita egiten dugu", esan du Gorrotxategik. Hori gutxi balitz, porruak bitan zatitzen dituzte eta porruaren alde zuria ozpinetan botilaratzen dute. Gero, merkaturatu egiten dute.
Orain, beste produktu bat merkaturatu guran ere badabiltza Delikatetxeko kideak. Saldarako erabilitako oilo eta barazkiak aprobetxatuta, txakurrentzako jaki naturalak egiten hasi dira. "Laster merkatuan izatea espero dugu", gaineratu du Gorrotxategik.