Durangoko Udalak hornidura merkatua eraberritzeko proiektua aurkeztu du

Anboto 2022ko eka. 8a, 12:50

Hornidura merkatuaren eta merkatu plazaren berrikuntzak sei milioi euroko inbertsioa suposatuko luke.

Durangoko Udalak hornidura merkatua berritzeko proposamena aurkeztu du. Prentsa oharrean azaldu dutenez, "espazio historiko baten eraldaketa osoa eskaini eta gertuko kontsumoa zein harreman soziala biziberritzea da asmoa". Aurkezpena astearte honetan egin dute, Durangoko udaletxean, aurreproiektua egiteko prozesuan lagundu duten eragileen aurrean. Hornidura-merkatuaren aurreproiektua idaztearekin batera, merkatuko plaza aldi berean birmoldatzea gura duela azaldu du udalak. Aurreproiektuarekin egindako kalkuluen arabera, hornidura merkatuaren eta merkatu plazaren berrikuntza osoak sei milioi euro inguruko inbertsioa suposatuko luke, . Horretarako, udala dagoeneko lanean ari da hainbat finantzaketa bide lortzeko. Merkatu plazako eta hornidura merkatuko aurreproiektuak aurkeztu ondoren, Durangoko Udalak proiektuaren erredakzioa uda osterako lizitatu nahi du, lanak 2023an hasi ahal izateko. Udal arduradunek aurreratu dute hornidura merkatuaren aurreproiektuak "merkatu moderno eta balioaniztuna" aurreikusten duela herritarren eskaerei aurre egiteko.

EAJren kritika

Durangoko EAJren iritziz proiektuak ez ditu proposaturiko helburuak betetzen. Euren esanetan, proiektuak ez ditu "plazaren bi aldeen artean (baserritarrak eta handizkako azoka) sinergiak" sortuko, eta ez luke Alde Zaharra dinamizatzeko eta biziberritzeko espazio irekiago bat ekarriko. Horrez gainera, EAJk kritikatu du proiektua elkarteekin eta inplikatutako eragileekin "kontrastatu barik" egin da, "inor kontuan hartu barik". Hori dela eta, jeltzaleek bilerak hasiko dituzte inplikatutako eragileekin, "proiektua hobetzeko proposamenak jasotzeko". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!