Durangoko Merkatu Plazak postu berri bat du. Kontsumitzaileengana gerturatzeko ahalegin berri batean, Soloko nekazarien elkartean dauden Durangaldeko 12 ekoizlek elkarlanean irekiko dute 'Etartie' izena duen postua eguen honetan. "Etartie baserrietako ataria edo sarrera da eta postuaren izenak irudikatzen du kontsumitzaileek gure produktuetarako sarrera berri bat izango dutela aurrerantzean", adierazi du aurkezpen ekitaldian Soloko elkarteko kidea den Urdaspal Alberdik.
Merkatu Plazako postuen esleipena amaitzera zihoanean eta udalak berriro lehiaketara atera zituenean, egitasmo berria martxan jartzeko abagunea ikusi zuten. "Geure artean berba egin eta baietz erabaki genuen, saiatuko ginela gure produktuak kontsumitzaileengana oraindino gehiago gerturatzen", adierazi du Alberdik. Harrezkero, ideia errealitate bihurtzeko prozesu "luzea" izan dute, "seguruenik" bidean "aldaketak" izango dituena, baina denboran irauteko helburua duena. "Bidea urratzen hasi gara eta orain ez dugu atzera egingo".
Martitzenetik barikura
Martitzenetik barikura dago zabalik. Martitzen eta eguaztenetan arratsaldez irekiko dute, 17:00etatik 19:30era. Eguenetan, arratsaldez ez ezik, goizetan ere bai, 11:30etik 13:30era. Barikuan, berriz, goizetan egongo da zabalik.
Ekoizle batzuek Durangoko azokan postua jartzen dute zapatu goizetan. Gune hori ere baliatu gura dute bezeroen artean postu berria ezagutara emateko. Horregatik, Aste Santura bitartean 'Etartie' zapatu goizetan ere zabalik egongo da, azokara doazenek bide batez postua bisitatzeko aukera izan dezaten.
Postu bat astegun arratsaldetan zabalduta "jende gazteagoarengana" heldu gura dugu. "Batzuek ezin dute zapatu goizetan azokara joan eta euren erosketak arratsaldetan egiten dituzte", azaldu dute.
Momentuz, ekoizleak eurak egongo dira salmenta postuan eta hasiera batean ez dute langilerik hartuko han egoteko.
Ekoizle parte hartzaileak
Ekoizle guztiak Durangaldekoak dira eta bertoko produktuak eskainiko dituzte. Hiru ekoizle Iurretakoak dira: Bizio (sagardoa eta edariak), Patxikobaso (ortuariak, fruta eta ogia), Bejondeizula (ortuariak eta kontserbak). Beste hiru ekoizle Elorriokoak dira: Belaze (esnekiak eta txerrikiak), Pulla Baserria (ortuariak) eta Delikatetxe (salda, kontserbak). Bi ekoizle abadiñarrak dira: Urien (gaztea, euskal txerrikiak eta kasinak) eta Erlia (arrautza ekologikoak). Izurtzako, Garaiko eta Berrizko postu bana ere badaude, Eskubaratz (barazkiak), Garai (garagardoa eta kontserbak) eta Artizar (ortuariak), hurrenez hurren.