Gobernu planaren %82 "beteta edo martxan" dago, Durangoko gobernu taldearen berbetan

Anboto 2022ko ots. 15a, 09:26

Bi urte joan dira EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak Durangoko gobernu taldea eratu zutenetik. Hartutako "konpromisoak eta ibilbide-orria betetzen" ari direla esan dute.

2019ko otsailaren 11n, Durangoko gobernu taldeak bere Gobernu Plana aurkeztu zuen San Agustin Kulturgunean, eta, gaur, ordutik honako ibilibidearen balorazioa egin du. Ohar batean azaldu dutenez, gobernu taldeak harturiko konpromisoen %82 "beteta edo martxan" ditu. Udal agintariek Durango "jasangarria, solidarioa, euskalduna, berdintasunean oinarritzen dena eta arduratsua" izateko lanetan ari direla. Ibilbide honetan guztian landutako proiektuen artean honako hauek nabarmendu dituzte, besteak beste: Eusko Jaurlaritzarekin lortutako aurreakordioa, TADUko aparkalekua, Otamotzena parkea, Antso Estegiz kalea berritzeko diseinua, Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia, Landako Gunea jolas librerako gune legez zabaltzea, Taxilagun zerbitzua, Kalistenia, Oinherri eta bonbardaketako hobi komunen prospekzioa egitea. 

Hori guztia "egunez egun" frogatu duela azpimarratu du gobernu taldeak. "Legegintzaldiaren hasieran, zenbait sektorek sinetsarazi nahi izan ziguten Durangon gobernatzeko modu bakarra zegoela, eta denbora honetan erakutsi dugu badagoela politika egiteko beste modu bat. Bide horretan sakonduko dugu, durangarrei ahotsa emanez eta haien bizitzak hobetzen saiatuz”, nabarmendu dute udal agintariek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!