Taxilagun zerbitzua Durangoko txoko guztietara zabalduko dute aurrerantzean

Ekaitz Herrera 2022ko urt. 14a, 14:18
Julián Ríos eta Marian Bilbatua udal ordezkariak, Taxilagun zerbitzuko bonuekin eta txartelarekin.

Orain arte anbulatorio bietara, udaleko adinekoen egoitzara eta Mankomunitateko gizarte zerbitzuen bulegora joateko baino ezin izan da erabili. Orain, udalerri osora zabaldu dute zerbitzua.

Durangoko Udalak egokitzapenak egin ditu Taxilagun zerbitzuan. Orain arte herriko lau puntutara joateko aukera bakarrik eskaini du Taxilagunek. Anbulatorio bietara, udaleko adinduen egoitzara edo Mankomunitateko gizarte zerbitzuen bulegora joateko aukera eskaini du bakarrik. Baina hemendik aurrera, zerbitzu hori zabaldu egingo dute. 76 urtetik gorako erabiltzaileek udalerriko edozein puntutara egin ahalko dituzte lekualdaketak taxi bidez. Julián Ríos alkateordeak prentsaurrekoan adierazi duenez, "Momotxo, Larrinagatxu edo Eguzkitza bezalako baserri auzoak integratuago egongo dira herrigune urbanoagaz".

Zerbitzua erabiltzen dutenek honako betebehar hauek kunplitu beharko dituzte: Durangon erroldatuta egotea, 76 urte baino gehiago izatea, edo desgaitasunen bat zein mendekotasunen bat izatea. Marian Bilbatua zinegotziak adierazi du zerbitzuan inskribatu gura duenak adinekoen egoitzara jo beharko dutela astelehenetik barikura bitartean, 10:00-13:00 eta 16:00-18:00 ordutegiagaz. Erabiltzaile bakoitzak 14 bonu erosi ahalko ditu gehienez bi hilean. Eta 20, erabiltzaileak Momotxon, Larrinagatxun edo Eguzkitzan bizi badira. Zerbitzuaren mekanika sinplea da. Taxilagunen inskribatzen denak txartel bat jasoko du, eta bertan izango du taxi zerbitzuko telefonoa ipinita. Herrian zehar lekualdaketa bat egiten duen erabiltzaileak euro bi baino ez ditu ordainduko bidaia bakoitzeko. Zerbitzua pagatzeko faltako litzatekeen dirua Durangoko Udalak ordainduko du. 50.000 euro bideratuko dute egitasmora.

Durangoko Taxilagun zerbitzua 2020ko urrian ipini zuten martxan. 144 herritar daude alta emanda. Erabiltzaileen batez besteko adina 84 urtekoa da. Emakumeak dira zerbitzua erabiltzen dutenen %74.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!