Durangoko hilerrian egindako prospekzioetan ez dute aurkitu 1937ko bonbardaketaren giza aztarnarik

Anboto 2022ko ots. 12a, 12:07

Aranzadi Zientzia Elkartea prospekzioak egiten aritu da asteon Durangoko hilerrian. Teknikariek kanposantuko bi gunetan jardun dute, historikoki hobi komunari buruzko lekukotzetan eta informazioetan oinarrituta. Durangoko Udalaren berbetan, asteartean hasi zituzten lur-prospekzioak "guztiz beharrezkoak" izan dira  1937ko bonbardaketako hobi komunak daudela egiaztatzeko edo baztertzeko.

Durangoko Udalak eta Gogora Institutuak jakitera eman dutenez, azken astean Durangoko hilerrian egindako prospekzioetan ez da aurkitu 1937ko martxoaren 31ko hilobi komunen aztarnarik. Aranzadi Elkarteko teknikariak aritu dira lanean hobien balizko kokapenak adierazten zituzten ikerketa-ildoei jarraituz. 

Lan horietako batzuk San Bizente eremuan egin dira. Bertan, lekukotza ezberdinak eta Otxandiano Batailoiaren omenezko plaka bat zeuden, eta Aranzadiko teknikariek bi metro baino gehiagoko sakoneran induskatu dituzte, ohar batean azaldu dutenez. "Bilaketa horretan, bi gorpu aurkitu dituzte eremu komun batean, eta gorpuak lurpetik atera dituzte, horiek aztertu
eta aztarna gehiagoren bila indusketa sakonagoak egiten jarraitu ahal izateko", argitu dutenez.

Legeak ehorzketa ofizialak gehienez ere bi metroko sakoneran egitea baimentzen du, eta, beraz, eremu horretako lanak bi metrotik haratago sakontzean oinarritu dira. Durangoko Udaletik azaldu dutenez, "hasiera batean, eta azterketa sakonagorik ezean, teknikariek baztertu egin dute aurkitutako bi gorpuak bilaketaren xedearekin bat etortzea, lurperatze komunak izan
baitaitezke".

Bestalde, haurren ehorzketetarako egokitutako lur eremuan ere egin dira porspekzio lanak. Lursail hori ez da urte luzez erabili ehorzketa berrietarako, 1937an eraildakoen gorpuzkiekin hobi komun bat egon zitekeelakoan. Aranzadiko teknikariek hainbat zanga egin dituzte lurzati horretan, alderik alde, eta hobi horren hondakinak egon zitezkeela baztertu da.

Durangoko hilerriko prospekzioetako irudia

Senideei "babes osoa" helarazi zaie

1937ko bonbardaketan hilerrian hobi komunak zeudela egiaztatzeko edo baztertzeko lan hauek "guztiz beharrezkoak" izan direla azaldu dute udal arduradunek. “Familiek beren senide erailak non dauden jakitea merezi dute, eta erakundeetatik haien nahia zaindu behar dugu. Bilaketa hauek 85 urte berandu iritsi dira, baina aukera ezberdinak baztertzeko balio izan dute. Gure aldetik, ikerketa-ildo berriak bilatzen eta durangarrak ohoratzen eta egia, justizia eta biktima guztientzako erreparazioan oinarrituta gogoratzen jarraituko dugu", nabarmendu dute. Durangoko Udalak senideei "maitasun eta babes osoa" helarazi die. Era berean, Aranzadi Elkarteari eta Gogora Institutuari emandako laguntza eskertu die.

Gogora Institutuak urtarrilean baimendu zituen prospekzio lanak

Martxoaren 31ko bonbardaketan 336 hildako zenbatu zituzten. Lekukoen arabera, euretariko asko kanposantura eraman zituzten egun hartan eta hurrengo egunetan, eta uste denaren arabera hobi komunetan lurperatu zituzten. Durangoko Udalaren berbetan,  84 herritar egongo lirateke hilerriko hobi komunetan lurperatuta. Urtarrilean Eusko Jaurlaritzako Gogora institutuak baimena eman zion Durangoko Udalari hilerrian egon zitezkeen hobi komunak ikertzeko eta horretarako lur-prospekzio bat egiteko. Aranzadi Zientzia Elkartea prospekzioak egiten aritu da asteon. 

Gerediaga elkarteak, Durango 1936 Kultur Elkarteak eta Durangoko Udalak pauso bat aurrera egin zuten biktimen familiartekoak eta ondorengoak bilatzeko ikerlana hasita. Emaitza batzuk iritsi dira honezkero. 84 biktimaren zerrendatik tiraka, 51ren izen-abizenak lortu dituzte. Euretako bi, 1940ko hamarkadan lurpetik atera zituztela baieztatu ahal izan dute eta guztien artetik 25 familia baino gehiago lokalizatzea lortu dute. Jimi Jiménez Aranzadiko kideak hartu du parte ikerketan, besteak beste. Prospekzioan ere parte hartu du Jimenezek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!