Durangoko Udalak Landako Guneko moduluetako bat egokituko du umeei jolaserako eremu estali bat eskaintzeko. Eremu berriak Jolas Librerako Gunea izendapena izango du eta astelehenetik domekara bitartean egongo da zabalik, 17:00etatik 20:00etara. Behin-behineko instalazioa gaur bertan zabalduko dute.
Udal iturriek ohar batean azaldu dutenez, eremua 0 eta 6 urte bitarteko umeentzako izango da, baina horrek ez du esan gura nagusiagoek sartu ezingo dutenik. Aukera hori zabalik dute. "Lanean ari gara gazteen aisialdirako eta entretenimendurako baliabideak eta espazioak handitzeko. Horregatik, uste genuen garrantzitsua zela espazio estali berri bat prestatzea, denok dakigun bezala, Durangoko neguak luzeak baitira", esan dute Julián Ríos alkateordeak eta Juanan Bueno zinegotziak.