Durangoko Udalak Merkatu Plaza eta Hornidura Merkatua berritzeko proiektua du eskuartean, eta egunotan prozesua zelan dagoen azaldu die bertan inplikatutako eragileei. Jendaurrean aurkezturiko dokumentuan, udalak Merkatua erreformatzeko diseinu proposamena aurkeztu du. Bertan jaso dituzte helburu ekonomiko eta sozialak, honako alderdi hauek aletuta: publiko objektiboa, bezeroaren esperientzia, aginte-koadroa, beharrizanen programa eta eragiketen mapa. Udalaren berbetan horiek izango dira etorkizuneko arkitektura-diseinua garatzeko erabiliko dituzten gidalerroak. Proiektu "arrakastasu bat" egin gura dute, eraikinaren "espiritua" berrituta. Merkatuaren eraikina berritzeko prozesua 2019an hasi zen. Lehenengo fase batean merkatuko eragileen beharrizanak aztertu zituzten. Horren ostean, diseinua garatu dute. Hemendik aurrera aurre-proiektua idazten hasiko dira. 2023an hasi gura dituzte eraikina berritzeko lanak.