TADUko disuasio aparkalekua astelehenean zabalduko dute, 120 autorentzako lekuagaz

Anboto 2021ko aza. 24a, 11:46

Aparkaleku berriari eskerrak, Durangoko Udalak herri barruko trafikoa gutxitzea gura du.

Herri barruko trafikoa gutxitzea batetik, eta kaleetako aparkalekuak libratzea bestetik. Durangoko Udalak helburu bi horiek lortzeko asmoz zabalduko du, astelehenean, aparkaleku berria. Disuasio aparkalekua Traña-Matienatik Durangorako sarbidean egongo da, garai bateko TADU lantegiaren orubean. 120 autorentzako lekua izango du eta Durangora datozen bisitariek autoa bertan uzteko aukera izango dute. 

Udalaren berbetan, aparkalekuak prezio "sinbolikoa" izango du. Dena dela, urtea amaitu arte debalde erabili ahalko da. 2022tik aurrera izango da ordainpekoa, Landako inguruan TAO zerbitzua aplikatzen hasten diren arte. 

Lanek 297.000 euroko aurrekontua izan dute, BEZ zerga aparte. Udalak adierazi du aparkalekua "Durangoko historiako lehen Aurrekontu Partehartzaileetan boto gehien jaso zituen proiektuetako bat" izan zela. Bestalde, ETSrekin lortutako akordioari eskerrak, 3.000 berdegunea ipini dute garai bateko Fauste-Landako geralekuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!