Mikel Ansotegiren Erraldeko presidentearen berbetan, \'denetariko herriak batu dira; Erraldera sartzea erabakita dutenak, epe laburrean ez, baina sartzeko interesa dutenak, eta nork bere udalerrian eztabaida zabalduko dutenak\'.
Erralde hiltegiak biziraun dezan finantziazioa lortzeko zutabeetako bat Bizkaiko udalerrien atxikimendu zabalgoa lortzea da. Gaur egun, 15 udalerrik osatzen dute Erralde eta Bizkaian 112 daude. Bide horretatik eta “Bizkaia osoari eskaintzen zaion zerbitzua” denez, martitzenean udalerri guztiei zuzendutako deialdi orokorra egin zuen Erraldek. Guztira, 16 udalerri batu ziren.
Hain zuzen, Iurreta, Zaldibar, Ondarroa, Lekeitio, Igorre, Ubidea, Gizaburuaga, Ajangiz, Berriatua, Lemoa, Ea, Arrankudiaga, Busturia, Elantxobe, Markina eta Etxebarriko ordezkariak batu ziren Erralderen egoera eta egitasmoa jakinarazteko batzarrera. Mikel Ansotegiren Erraldeko presidentearen berbetan, “Denetariko herriak batu dira; Erraldera sartzea erabakita dutenak, epe laburrean ez, baina sartzeko interesa dutenak, eta gaiaren inguruan nork bere udalerrian eztabaida zabalduko dutenak”. Ansotegik ez zuen argitu zeintzuk diren Erraldera batuko diren udalerriak. Aurretik hiltegi berrirako finantziazio osoa ondo lotu gura dute: “Guk beti esan dugu obrak ez direla hasiko azken adreilua ere ipiniko den segurtasuna izan arte. Herri guztiak bana banan barik, aldi berean batzea dugu helburu, estrategia definitubaten barruan”. udalerriekin izandako “lehen kontaktua” oso baikor baloratu badute ere, “Erralderen proiektua herriz herri eta udaletxez udaletxe azaltzeko asmoa” jakinarazi dute. Gogoratu duenez sasoi batean 48 udalerrik osatzen zuten hiltegia.
Bitartean datorren astean Eusko Jaurlaritzagaz batzartuko dira. Europar Batasuneko ordezkariekin egindako batzarraren nondik norakoak azalduko dizkiete; hau da, azken batean Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela eta eurei dagokiela proiektua sostengatuko duen txosten eraginkora osatzea. Lan horretarako Erraldek erabateko prestutasuna” erakutsi du.
Bestalde, EHNE sindikatuak eta Erraldek deituta joan zen domekan manifestazio jendetsua egin zuten Durangon; ehundaka lagun batu ziren. Erralderen webgunean (erralde.org) ere hiltegiaren aldeko atxikimenduak jasotzen ari dira eta dagoeneko hainbat udalerrik, elkarte eta norbanakok eman dute izena.