Auzotarren batzordearen ustez "Erralderen zuzendaritza da gertatzen denaren erantzulea"

Anboto 2011ko abe. 7a, 09:36

Erantzukizuna instituzioengana \'ez desbideratzeko\' eskatu dute. Bildu koalizioa eta EHNE sindikatua ere kritikatu dituzte

Erantzukizuna instituzioengana “ez desbideratzeko” eskatu dute. Bildu koalizioa eta EHNE sindikatua ere kritikatu dituzte.

 

Herria auzo elkarteak eta Erralde hiltegiak eragindako hainbat bizilagunek osatutako auzotarren batzordeak azken asteetan Erraldegaz gertatu denaren gaineko balorazioa jakinarazi dute idatzi baten bidez. Erraldeko zuzendaritzagaz, Bildu koalizioagaz, EHNEgaz eta harakin, abeltzain eta artzain “gehienekin” haserre agertu dira.

 

Erraldeko zuzendaritzari buruz diotenez “prozesu guzti honen erantzule bakarrak eurak dira” eta erantzukizuna  instituzioengana “ez desbideratzeko” eskatu dute: “2008an bazuten kreditu nahikoa obra gauzatzeko; bazuten Eusko Jaurlaritzaren partetik %40ko diru-laguntza eta Berrizen lurrak eskuratuta zituzten”.

 

EHNEren jarreragaz ere haserre agertu dira: “Hiltegia itxiko zutela jakitean hedabideetara zuzenean jo zuten moratoria eskatuz, gurekin aurretik ezertaz berba egin barik”. Prentsara zabaldutako mezuetan “gutxienez bizilagunentzako esker ona” azaldu behar zutela uste dute denbora honetan guztian bizilagunek egindako “sakrifizioagatik”: “Horrelako jarrerek besteen interesak piperrik ez zaizkizuela ardura pentsarazten digute, baizik zeuen interesak bakarrik”.

 

Bildu koalizioaren  jarrera ere “larritzat” jo dute. Auzotarren batzordegaz “behin ere ez dira batu eta ezelango kontakturik ez dute izan”. Horrez gainera, “udaleko hirigintza batzordean ordezkari bi dituzte eta Erralderen gaineko iritza plazaratzeko batzarrera ez ziren azaldu. Oraindik ez dakigu zergatik ez ziren etorri”.

 

Abeltzain, harakin eta artzainei buruz azaldu dutenez, “ez dago jarrera orokortzerik, baina gehiengoaren jarrera egoista eta insolidarioa” izan da: “Euren ongizatea bakarrik inporta izan zaie, besteenagaz arduratu barik”.

 

Azkenik, auzotarren batrodeak 2005ean hiltegia itxi zenetik hainbat luzamendu onartu dituztela argitu dute eta bizilagunen jarrera “eskuzabala eta solidarioa” izan dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!