Osasun sailak gezurtatu egin du klenbuterolaz kutsatutako ganadua hil denik Erralden

Anboto 2011ko aza. 25a, 14:06

Marca egunkarian argitaratu da Erralden kutsatutako abelburu bat hil zutela 2009an. Aralarrek horri buruzko galdera egin dio legebiltzarrean sailburuari, salatuz \'Jaurlaritzak ez duela behar bezala euskal abeltzainen eta okelaren sektorearen interesak defendatu\'.

Marca egunkarian argitaratu da Erralden kutsatutako abelburu bat hil zutela 2009an. Aralarrek horri buruzko galdera egin dio legebiltzarrean sailburuari, salatuz "Jaurlaritzak ez duela behar bezala euskal abeltzainen eta okelaren sektorearen interesak defendatu".

 

Azaroaren 17an, Marca kirol egunkariak Contador auziaren inguruko albistea publikatu zuen, klenbuterolaz kutsatutako abelburu bat Erralden hil zutela "deskubrituz". Abelburu hau ez litzateke EAEkoa izango, baina 2009ko urriaren 30ean hil omen zuten Durangon. Marcak gertakariaren ustezko akta ere publikatu zuen. Modu honetan, Alberto Contador txirrindulariaren positiboa okela jateagatik izan zitekeela argudiatzen zuen.

 

Aralarrek bigarren aldiz galdetu dio Eusko Jaurlaritzari EAEn klenbuterolaz kutsatutako ganadua hil dela adierazten duten albisteen inguruan. Alberto Contador txirrindulariari klenbuterol aztarnak topatu zizkioten 2010ean eta berak Euskadin erositako okelari leporatu zion errua. Osasun sailburuak gezurtatu egin du Marcan agertutako dokumentu horrek ustezko positiboa egiaztatzen duenik. “Dokumentu hori lehenengo azterketa baten ondorioa da. Gero, beste hiru kontra-analisi egiten dira eta negatibo eman zuten”, adierazi du Rafael Bengoak.

 

Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk Jaurlaritzak gaiaren inguruan izan duen jarrera kritikatu du. “Kontu horrek euskal abeltzaintzaren izena zikindu du, konkretuki hiltegien izena, eta aipatzen den hiltegia kaltetu du bereziki”, azaldu du Maeztuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!