Bitartean, gaur 12:00etan, manifestazioa egingo dute Durangon.
Erralde hiltegiaren etorkizuna denbora gutxian hamaika hari-mutur elkarregaz lotzearen baitan dago. Fronte asko dituzte zabalik. Denetan behinena Europakoa da. Azpiegituren europar araudira moldatu ezin eta Europar Batasunak hiltegia ixteko asmoa erakutsi duenez, martitzenean Bruselasera joan ziren EHNEko eta Erraldeko ordezkariak. Jaurlaritzako ordezkariek ezin izan zuten batzarrera joan.
Europar Batasunak esan die luzamendu bat lortzea “posible” dela: “Ezin dute ezer segurtatu, baina posible da”, dio Mikel Ansotegin Erraldeko lehendakariak. Araudia betetzearen eskuduntza Jaurlaritzarena da, eta “esan digute eurei dagokiela proiektua defentdatzeko txosten konbintzentea aurkeztea”. Txostenak Erraldek araudira egokitzeko hartu beharreko neurri zehatzak jasoko lituzke, eta baita hiltegi horren berezitasunak ere: Bizkaian bakarra dela, hiltegi berriko proiektua eginda dagoela… “Gu prest gaude Jaurlaritzagaz txostena elkarlanean osatzeko, eta ondoren zehaztutako neurri eraginkorrak betetzeko”. Luzamendua hiltegi berria amaitu artekoa eskatzen dute.
Bizkaiko Aldundia
Berrizko hiltegi berriko lanen %40 finantzatzeko prest dago Jaurlaritza, baina ez da nahikoa. Joan zen astean Aldundiko ordezkariekin batu ziren: “Batzar adeitsua izan zen. Erraldek zer garrantzia daukan ulertu zutela uste dugu. Datorren astean batuko gara berriz”.
Finantziaziorako hirugarren bidea udalena da. Abenduaren 14ko eguaztenean, 12:00etan, Bizkaiko udal denak Erralde hiltegira gonbidatu dituzte. Han azalduko diete egoera eta proiektua zertan den. Era berean, Erraldera batzeko interesa erakutsi duten udalen berri emango dute.
Bitartean, gaur 12:00etan, manifestazioa abiatuko dute Durangoko hiltegitik: “Ahalik zabalena izan dadin nahi dugu, parte hartzeko gonbita luzatzen dugu”. Nahi duenak itxieraren kontrako atxikimendua eman dezake erralde.org-en ere.