Erralde eta EHNE Europan Bruselagaz batzarra lotzen ari dira datorren asterako eta bertara joateko asmoa daukate hiltegia zabalik mantentzeko luzamendua eskatzeko. Eusko Jaurlaritzak ere batzar horretara joateko prestutasuna erakutsi duela diote. Bitartean manifestazioa deitu dute abenduaren 11n.
Erraldek eta EHNEk batzar informatiboa eskaini dute gaur eguerdian Durangoko hiltegian. 100 bat harakin, baserritar, alkate edo interesatu batu dira. Bertan Erraldeko lehendakari Mikel Ansotegik adierazi duenez “Europan, Bruselan, batzar bat lotzen ari gara eta bertara joateko asmoa daukagu luzamendua eskatzeko”. Hori guztia “Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz batera egingo dugu”, gaineratu duenez. Batzar hori "datorren asterako bertarako" lotzen saiatuko direla diote.
Bestalde, joan zen astean Osasun Sailagaz izandako batzarreko xehetasunak eman dituzte: “Erralde zabalik mantentzea oso zaila egingo zitzaiela esan ziguten. Europan ganadua sakrifikatzeko linea zuzena eskatzen ari dira eta Erralden linea horrek U itxura egiten du. Ez dago toki fisikorik hori egiteko, teknikoki ezinezkoa da”. Bide horretatik argi utzi gura izan dute “ez dela sanitate kontu bat izan eta ez datozela zuzenean Erralderen aurka”. Balizko itxiera abenduaren 30ean emango litzateke Jaurlaritzaren partetik.
Horiek horrela Bruselari luzamendua eskatzeko ardatzetako bat hiltegi berrirako proiektua dela diote. Lurrak Erralderenak dira eta aktibitate lizentzia ere lortu dute martxoaz geroztik. Beraz zer da falta dena? Proiektua osatzeko finantzabidea.Eusko Jaurlaritza Berrizen azpiegitura berriak egiteko lanen %40a finantzatzeko prest dagoela diote eta “bihar bertan Bizkaiko Foru Aldundiarekin batuko gara, proiektuari laguntza emateko eskatzen”.
Azkenik udalen inplikazioa eskatu dute, Bizkaian 112 herri baitaude eta 15 udalen artean osatzen dute Erralde: “herritarrontzako beharrezkoa da eta udal batzuk ez dira konturatu. Denok norabide berean egin behar dugu indarra, Erraldetik, sektoretik, sindikatuetatik, udaletxeetatik…”
Batzar informatiboan esan beharrekoak esanda galderen txanda zabaldu dute. Gaur egin duten batzarra zein beste pausu batzuk arinago egin zitezkeela salatu du kide batek. "Gauzak hobeto edo txartoago egingo ziren, baina ahal zen guztia egin dugu" erantzun dio Unzalu Salterain EHNEko kideak: "Epeak ez ditugu guk zehazten. San Mames berria egiteko bost hilean lortu dute lizentzia eta behar zen diru guztia ere jaso dute. Guk hiru urte behar izan ditugu lizentzia lortzeko". Bestalde, irtenbidea hiltegi berrian dagoen arren, obretan hasi aurretik dena ondo lotuta izatearen garrantzia azpimarratu du: "Azken baldosa ere ipiniko dela ziurtatu arte ezin gara ezertan hasi. beste kasu batzuk eman dira lanak hasi eta gero erdibidean geratu direnak. Ez dugu horretara arriskatu nahi".
Batzarrera bertaratu den beste lagun batek okerrenean ipini eta hiltegia itziz gero zer gertatuko den galdetu die: "Erraldek ez du zorrik utziko; hori argi utzi gura dugu, zor guztiak ordainduko ditu. Guk ez gara beste batzuek egin duten moduan zorrak ordaintzeko diru publikoa eskatzen joango. Hala ere, gura indar denak, azken izpiraino, Erralde zabalik geratuko deneren ideiara bideratuko ditugu eta hori horrela izan dadin lan egingo dugu".