Europar Batasunak azpiegituren inguruan indarrean duen araudia ez duelako betetzen agindu dute ixteko.
Atzo goizean Erraldeko eta Durangoko udaletxeko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Osasun, Nekazaritza eta Ingurugiro Saileko ordezkariekin batzartu ziren. Batzarra ez zen batera eman; lehenengo Erraldeko ordezkariekin batu ziren eta ondoren udaletxekoekin. Orduan jakinarazi zieten Erraldek ez duela Europar Batasunak azpiegituren inguruan indarrean duen araudia betetzen eta ixteko asmoa dutela. Urtea amaitu baino lehen itxiko dute.
Europar Batasunaren araudia betetzen dela segurtatzeko eginbeharra Eusko Jaurlaritzarena da eta bete ezik erantzukizuna eurena litzateke. Europar Batasunaren araudira egokitzeko hiru urteko epea izan dute, baina epe horretan ezin izan dituzte eskakizun guztiak bete. Anbotok jakin ahal izan duenez, eskakizunetako batera egokitzeko hiltegiko lurretan ez zegoen eremu bat ere behar zuten, beraz Erraldek aspalditik ba omen zekien horra ezingo zutela egokitu.
Atzo hirigintza batzordea izan zuten Durangoko udaletxean eta han batzordeari jakinarazi zioten goizean Eusko Jaurlaritzak jakinarazitakoa. Ez zuten ezelango erabakirik hartu. Ez da ahaztu behar Erralde hiltegiko lurrak udalarenak direla.
“Erralde ez dute itxiko”
Erralde hiltegiko gerente Eneko Egibar “joko politikoaren biktima" sentitzen da: “Lehen sektoreko motorra gara, erakutsi dugu bideragarriak garena, baina lehen sektoreak bultzatzen duena ez dute politikariek bultzatzen”. Gakoa hiltegi berrian dagoela dio: “Gu epea amaitu aurretik finantziazioa lotzen saiatuko gara; lortuz gero, Jaurlaritzagaz batzartu eta urtebeteko edo urte edo erdiko luzapena lortu dezakegula sinestuta gaude”. Eta finantziazioa lortuko ez balute? “Abenduaren 31n Erraldeko gerentea eraikin barruan egongo da eta langileak ere barruan egon daitezen saiatuko da. Erralde ez dute itxiko”. Hiru-lau egunen barruan Erraldeko datu ekonomikoekin txostena ateratuko dutela dio. Laster Erraldeko zuzendaritza batzordea ere batuko da gaiari buruz eztabaidatzeko.
Gaur egun 18 langile daude Erralden. Horiez gainera, Erralderen inguruan mugitzen diren beste langile batzuk ere kontuan hartu behar dira, Bizkaiako artzainak eta baserritarrak kasu. Erralde 15 udalen artean osatzen dute.
Bitartean atzo Bizkaiko Bildotsaren kanpaina abiatu zuten Erralde Hiltegian.