"Txapelketa antolatu edo ez dudatan egon ginen"

Anboto 2012ko ots. 21a, 09:30

Krisiagatik txapelketa antolatzeko finantziazioa bilatzea zaila egin zaiela aitortu du Carlos Garcia Mallabia I pilota eskolako kideak. Aurtengo aurrekontua %30 txikiagoa da.

Krisiagatik Biharko Izarrak txapelketa antolatzeko finantziazioa bilatzea zaila egin zaiela aitortu du Carlos Garcia Mallabia I pilota eskolako kideak. Aurtengo aurrekontua %30 txikiagoa da.

 

Txapelketa antolatzea odisea txiki bat izan da?
Krisia dela-eta, hasiera-hasieran duda egin genuen txapelketari helduko genion edo ez erabakitzerakoan. Baietz erabakitakoan ere duda handiak genituen. Bidean denetarik aurkitu dugu. Gugaz jarraitu duten babeslei eskerrik beroenak eman gura dizkiegu; baita orain arte lagundu arren, oraingoz uztea erabaki dutenei ere.


\"\"Txapelketak aurrekontu txikiagoa du aurten.
Iaz 35.000 euroko aurrekontua izan genuen eta aurten %30 txikiagoa da gutxi gorabehera. Horrek txapelketako estemantu denei eragiten die, pilotariei ere bai, sarritan kilometro asko egin behar dituztenez, diruz laguntzen saiatzen garelako.


Erakundeen aldetik zer laguntza jaso duzue?
Mallabiko Udalaren aldetik 6.000 euro jaso ditugu. Bestelako erakundeen aldetik ez dakigu zer jasoko dugun; txapelketaren maila ebaluatu eta horren arabera puntuak ematen dituzte. Puntuazio horrek zehazten du diru-laguntza; beraz, txapelketa amaitu arte ez dugu jakingo.


Eta Asperen eta Asegarceren partetik?
Lehenengo urte bieta lagundu zuten apur bat ekonomikoki. Orain materialagaz laguntzen digute, ez nahi genukeen beste, baina hori da duguna. Imaginatzen dut eurek ere igarriko zutela krisiaren eragina babesleekin eta abarrekin.

 


Datorren urteari begira zer esperantza?
Ez dakit, baina ni animoz betetzean nau Biharko Izarrak txapelketak eragiten duen interesa ikusita. Pilotari denek jokatu gura dute. 65 bat pilotariko zerrenda atera niezazuke. Horrek aurrera egiteko indarra ematen dizu.


Hile gogorren ondoren, orain disfrutatzea egokitzen da.
Hori espero dut. Txapelketako partidu asko telebistaz emango balituzte ikusleak txundituta geratu liratekeela uste dut. Mallabitarrei zein inguruko pilotazaleei partiduak ikustera etortzeko gonbita egin gura diet. Bestalde, txapelketa antolatzen buru belarri ibili diren Mikel Garcia, Unai Martin eta Rikardo Altuberi ere eskertu gura diet euren lana. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!