Mendizabal eta Untoriak irabazi dute Biharko Izarrak txapelketa

Anboto 2011ko eka. 3a, 23:16

Igor Azpiri elorriarrak ezin izan du binakako txapela jantzi. Aretxabaleta markinarrak eta biek 22-15 galdu dute Mendizabalen eta Untoriaren kontra.

Igor Azpiri elorriarrak ezin izan du binakako txapela jantzi. Aretxabaleta markinarrak eta biek 22-15 galdu dute Mendizabalen eta Untoriaren kontra.

Merezita jantzi dute txapela Mendizabal eta Untoriak final gogor baten ondoren. Untoriak eta Mendizabalek agindu egin dute partiduko zatirik handienean, baina Aretxabaletak lan bikaina egin du atzean; errekadu ia guztiak bueltatu ditu. Azpiri salduta ibili da eta ahal zuenean jokoa nahasten saiatu den arren, Mendizabal adi izan du. Zortzinako berdinketaren ondoren, 13-11 aurreratu dira Mendizabal eta Untoria; orduan Azpirik gantxo bat txapapera bidali du. Ordutik aurrera irabazle izango zirenek alde erabakigarria hartu dute.

Azpirik partidu txukuna osatu du; zabalean ezkutatutako gantxo bat izan da bere tantorik ikusgarriena. Pilota argi batzuk ere huts egin ditu, baina sarritan salduta ibili dela kontuan hartuta ez da harritzekoa. Aretxabaletari ezin zitzaion gehiago eskatu; serio eta seguru jokatu du ahal zuenean pilota ezker hormara baztertuz. Oso gutxi galdu eta asko eutsi du.

Asegarcegaz laster zergatik debutatuko duen erakutsi du Untoriak. Gozakaitz ibili da sarritan eta pilota argi batzuk ere galdu ditu; partiduko une askotan bere buruagaz haserre ibili da. Hala ere erraz nagusitu da atzean eta eskuinkadarik bortitzenak bereak izan dira. Mendizabalek bizi-bizi jokatu du ohi moduan; haizea alde zuela hainbat bider asmatu du aurrean.

Lau t\'erdiko finaleko txapela Santxok jantzi du (22-9).

Kuriositate moduan aipatu, iaz txapelketa irabazi zuen Merino bertan izan dela. Hasierako sakea nork aterako zuen ebazteko berak bota du txapa airera. Ondoren, hau ere kuriositate moduan, partidua azken txanpan sartuta zegoenean, bozgorailuetatik eskatu dute, mesedez, Honda markako kotxe bat aparkatuta zegoen tokitik kendu zezatela, beste auto batzuen irteera galerazten zuelako; hantxe irten da korrika Merino autoa erretiratzera.

Finala ikusten egon dira Asegarceko Salva Bergara eta Aspeko Jokin Etxaniz. Ikusleen artean Ibai Zabala berriztarra eta Iñaki Larrinaga elorriarra ere izan dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!