Arkaitz Bellonen heriotza

Bellonen senide eta lagunak: "Arkaitz ez da joan, kendu egin digute"

Anboto 2014ko ots. 11a, 13:06

Arkaitz Bellonen senide eta lagunek konfiantzazko medikuagaz prentsaurrekoa eman dute Elorrion. Hunkituta egin dute berba. Bellonen heriotza kartzela politikaren ondorio dela uste dute: "Hamahiru urte luze hauetan erail dute krudelkeria neurtu eta sistematizatu baten bidez".

 

Espetxe politika horregatik, Bellonen heriotza ez dela bapatekoa izan uste dute senide eta lagunek: "Arkaitzen espetxealdia ezagututa, nola onartu bere heriotza naturala dela?". Beraz, mediku txostenek momentuz heriotza naturala dela dioten arren, kartzelaldian edukitako bizi-baldintzek eragin izan dute euren arabera. Eta bigarren autopsian egon zen Miren Arana konfiantzazko medikuak ere hari horretatik segika egin du berba: "Espetxeko baldintzek sekula ez dute presoaren osasunaren alde egiten". Bere arabera, zenbait baldintzek eragin zuzena daukate: "Behar bezalako osasun asistentzia ezak, estres egoera iraunkorrek, elikadura desgokiak, ariketa fisikoa garatzeko mugek, benetako atsedenerako aukera ezak... Guzti honek, presoaren osasun egoeran eragin zuzena dauka". Autopsiagaz lotuta, azaldu du forentsearen eta konfiantzazko medikuen ondorioek bat egiten dutela. "Heriotza bihotz jatorriko biriki edema arin batek ekarri zuen". Emaitza toxikologiko, histopatologiko, biologiko eta mikrobiologikoen zain daude behin betiko informea osatzeko.

Senide eta lagunen izenean, Haritz Luzarrek irakurri du mezua euskaraz. "Joan zen eguaztenean jaso genuen Arkaitzen heriotzaren berri. Gure bihotzek bereagaz batera 'krak' egin zuten". Eta Bellonek bizitakoa kontatu du,  Arana medikuak esandako baldintzek Bellonen kasuan eragina izan dutela argitu asmoz. Duela hamairu urte eta erdi atxilotu eta torturatu zutela gogoratu du, eta epaiketan fiskalak froga zuzenik ez zegoela aitortu arren zigortu egin zutela. Gero, hainbat espetxetan emandako kartzelaldian hirutan jipoitu zutela salatu zuen Bellonek: "Ezin dugu irudikatu sentitu duen amorrua, mina eta ezina, kartzeleroek, jipoitu ondoren, eskuburdinekin, biluzik, egun oso bat ohera lotuta utzi dutenean". Gurasoek auto istripu larria eduki zuten bera bisitan zihoazela; horrek ere zelan eragin zion imajinatzea kostatzen zaie.  Gainera, bakartuta ere denbora asko eman zuen Bellonek: "Arkaitzekin ikasi dugu, espetxe barruan ere, badirela espetxe gehiago, bere kartzelaldiaren zati handi bat isolatuta eman baitu".

Horregatik, euren lagun eta senidearen heriotza espetxe politikak eragin duela esan dute: "Arkaitz ez da joan, kendu egin digute". Metafora bidez azaldu gura izan dute: "Zer gertatuko zaio bada lore bati lurra, ura eta argia kentzen badizkiote?".

Amaieran, Bellonen neskalaguna ez dagoela haurdun argitu dute, egunotan zabaldutakoa gezurtatuz. Egunotan jasotako babesa ere eskertu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!