Arkaitz Bellonen heriotza

Arkaitz Bellonen gorpua Durangaldean da

Anboto 2014ko ots. 8a, 08:49

Etxeratek twitter bidez jakinarazi duenez, atzo arratsaldeko 19:00etan atera ziren Arkaitz Bellonen gorpua dakartenak Cadiztik Euskal Herrirantza. 1.000 kilometro baino gehiago egin ondoren, goizeko 07:00etan Otxandion zegoen. Manifestazioa deitu dute gaur arratsalderako Elorrion.

Etxerat-ek twitter bidez jakinarazi duenez, autopsien "atariko emaitzek erakusten dute bat-batean eta berez" hil zela Arkaitz Bellon. Gaineratu dutenez, "13 urteko tortura, jipoi eta tentsioen ondorioa da". Bellonen lagunek manifestazioa deitu dute gaurko. Arratsaldeko 17:30ean hasiko da gaur manifestazioa plazatik, 'Espetxe politika honi ez, sakanbanaketa amaitu' lemapean. Jendetza batu zen atzo Bellonen lagunekin deialdia egiteko. Hunkituta egin zituzten adierazpenak.

"Oraindik sinistu ezinik, berri honek lur jota utzi gaitu". Arkaitz Bellonen lagunek agerraldia egin zuten atzo, gaurko protesta deitzeko, eta hil berri den presoa zelakoa zen kontatu zuten: "Bihotz zabalegia, bizitzea tokatu zaizun garairako". Lagunen laguna zela, musika taldeko laguntzaile, natura zale amorratua, Gaztetxeko "saltseroa", ikastaroetako "gatz eta pipermina"...

Gogoratu dute hainbat kartzelatan egon dela dispertsatuta: Valdemoro, Ocaña, Herrera, Algeciras, Puerto III, Sevilla eta Puerto I.ean. Funtzionarien partetik jipoiak salatu zituen Bellonek hirutan, eta momentu horien gogoan izan dituzte. Kalean zein kartzelan errebelde izan zela esan dute: "Bizitzarekin, daukagun ondasun guztiarekin, larrutik ordaintzeraino".

Gaurko manifestazioaren zergatia arrazoitu dute amaieran: "Berriro gerta ez dadin, beste inork guk jasandakoa berriz sufritu ez dezan, beharrezkoa da kalera irtetea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!