Jendetza batu da Elorrion "Espetxe politika honi ez, sakabanaketa amaitu" lemapean. Plaza eta inguruko sarrerak gainezka zirela hasi da manifestazioa, eta ordubete inguruko ibilbidea egin dute herritik. Amaieran, Bellonen lagun batek egin du berba. Arkaitz zelakoa zen gogoratu du, eta irakurraldiaren zati batean Belloni berari zuzendu zaio: "Arkaitz, azkena izan behar duzu". Azkeneko urtean hil den hirugarren preso politikoa da Bellon.
Autopsia bien arabera heriotza berezkoa izan da. Espainiako gobernuaren bertsio ofizialak heriotza naturala dela dio, eta horren aurrean iritzia eman dute ekitaldian: "Zure heriotza ez da batere naturala izan, espetxe politika hau ez delako batere naturala. Espetxe politika honek hil zaitu". Duela hamazazpi urte Jose Mari Aranzamendi Katxue ere kartzelan hil zela gogoratu dute. "Politika anker honek hil zuen".
Egoera aldatzeko bidean, egunero eta herririk herri lan egiteko deia egin du hizlariak. Lepoan hartu eta Eusko Gudariak abestiekin amaitu da ekitaldia.