Gu Ta Gutarrak

[BIDEOA]: 'Herri txiki, infernu handi' telebista saioa Tabirara ailegatu da

Ekaitz Herrera 2023ko ots. 7a, 13:44

Mikel Pagadizabal eta Miren Nogales telebista aurkezleak goizeko lehenengo ordutik dabiltza Tabirako auzotarrak elkarrizketatzen. Aurkezle biek San Pedro elizaren atarian filmatu dute saioa zabaltzen duen sekuentzia.

Euskal Telebistako Herri txiki, infernu handi saio arrakastatsuak atal bat eskainiko dio Durangoko Tabira auzoari. Telebista saioko lan-taldea bertan dabil gaur filmaketa lanak egiten. Egunaren zati handi bat tabirarrak ezagutzen eta elkarrizketatzen emango dute, eta hamar egun barru, datorren eguenean, gaur filmaturiko guztia eskainiko dute Tabirako auzotarren aurrean. Mikel Pagadizabal eta Miren Nogales aurkezleek bakarrizketa saioa eskainiko dute bertan.

Telebista saioko kideek ez dute argitu Tabirako zein auzotar elkarrizketatuko dituzten. Hori jakiteko Euskal Telebistak saioa emititu arte itxaron beharko da. Dena dela, ANBOTOk saioari hasiera emango dion sekuentzia filmatzen harrapatu du lan-taldea. San Pedro elizaren aurrealdean egin dute grabaketa. Bide batez, Mikel Pagadizabal eta Miren Nogales aurkezleek eskerroneko mezua utzi dute hedabide honetako irakurleentzat.

Herri txiki, infernu handi telebista saioak bederatzigarren denboraldia du emisioan. Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadizabalek zortzi sasoi egin dituzte elkarrekin. Bederatzigarren honetan, Miren Nogalesek hartu du Gurrutxagaren lekukoa. Telebista saioko lan-taldea hainbat bider egon da Durangaldean. Abadiñon, Atxondon, Berrizen, Elorrion, Etxanon, Iurretan, MallabianMañarian, Otxandion eta Zaldibarren egin dituzte saioak. Horrez gainera, 2020ko urte bukaerako kanpaiak Durangotik eskaini zituzten Sara Gandara aurkezlearekin batera. Telebista saioa Orio produkzioak ekoiztetxeak kudeatzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!