Spoilerrik ezin egin... Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadizabalek bidean zein elorriar topatu duten ezin esan... baina barre-algarak eta umore ona egongo direla, hori gauza ziurra da. Pagadiren eta Gurrutxagaren aldrebeskeriak Elorriora ailegatu dira eta lan-taldeko kideek beso-zabalik hartu dute ANBOTO. Muturra sartu dugu grabaketan eta Pagadik eta Gurrutxagak kontutxo batzuk aurreratu dizkigute.
Gaur elkarrizketak filmatu dituzte Elorrioko hainbat bizilagunekin eta programari hasiera ematen dion sekuentzia udal plazan grabatu dute. Datorren eguenean, hilaren 24an, jendaurreko ekitaldia egingo dute Xebastian Lizaso bertsolaria lagun. Frontoian egingo dute saioa baina koronabirusa dela-eta gonbidapena beharko da bertara sartzeko. Emaitza osoa ikusteko urriaren 4ra arte itxaron beharko da. Orduan emitituko da Euskal Telebistaren lehen katean.
Arrakastaz beteriko zazpi denboraldi
Zazpigarren denboraldiari berriki ekin dio 'Herri txiki, infernu handi' telebista-saioak. Urtetik urtera arrakasta pilatzen joan da eta makina bat domeka iluntze alaitu dituzte. Euskal Herri osoa zeharkatu dute zortzi bat urtean eta hainbat alditan bisitatu dute Durangaldea. Aurrez saioak egin dituzte Mallabian, Mañarian, Zaldibarren, Otxandion, Atxondon eta Iurretan. Programa Orio produkzioak ekoiztetxeak egiten du Euskal Telebistarentzat. Pixel ekoiztetxeak baliabide teknikoak ipini ohi ditu filmaketan.