5- Garabi bat... Donien Atxa erreskatatzeko
Gura baino lan handiagoa eman du aurten Traña-Matienako Donien Atxa. Kostata igo zuten eta… okertuta geratu zen. Biharamunean udal arduradunak egoera aztertzera bertaratu ziren eta oinarria garbitu beharra zegoela erabaki zuten, segurtasuna bermatzeko. Garabi bat eraman zuten txopoa atera, azpiko aldea garbitu eta berriro zuloan sartzeko, zuzen geratu zedin.
4- San Juan sua, gura baino lehenago, Elorrion
San Juan sua gura baino lehenago heldu zen Elorriora. San Juan egunaren bezperan barik, egun bat arinago. Ez udalak hala nahita, ezezagun batzuk pilatutako materialari su eman ziotelako baino. Biharamunean, udaleko brigadako langileak material bila irten ziren eta azkenean zegokion egunean ere piztu ahal izan zuten sanjuanetako sua.
Bideoa LOTURA HONETAN
3- Bran, "berba" egiten dakien txakurra
Nuria Orduñak modu berezia du Bran txakurragaz komunikatzeko. Alfonbratxo batean duen botoi sistema darabil. Bran-ek botoi horien bidez komunikatzen du gose den, mimoak gura dituen, jolasteko gogoa duen eta beste hainbat kontu. Txakur 'influencer'-a da gainera, Tik Tok-en 2 milioi jarraitzaile dituelako. Irailean 118.000 jarraitzaile zituen instagramen eta gaur egun 168.000 ditu.
Elkarrizketa, LOTURA HONETAN
Bideoa, LOTURA HONETAN
2- Kamera bat zelaian, onddoak zelan hazten diren milimetroz milimetro ikusteko
Iro Landaluze iazko albiste bitxien zerrendan ere izan zen. Orduan, bere hariztian batutako saski bete onddo erakutsi zuen bideo batean. Aurten, pauso bat harago joan da. Kamera berezi bat instalatu du bere Mendiolako hariztian eta lau egunez eta lau gauez, onddoak zelan hazten diren filmatu du. Ederrak hazi zaizkio, gainera.
Bideoa LOTURA HONETAN
1- Lau lagunen arteko apustua, pentatloian
Lagunarteko afaloste batean irten zen apustua. Herri kirolen pentatloian indarrak neurtu behar zituztela erabaki eta halaxe egin zuten abendu hasieran, Arrieta herriko plazan. Gorriz, Aitor Fuldain gatikarra eta Xabier Sabalza mungiarra. Urdinez, Aitor Garitagoitia eta Gartxot Mugarza mallabitarrak. Lehia estu-estua izan zen eta azkenean bost segundoren aldeagatik bakarrik irabazi zuten gorriek. Errebantxarik egongo ote da?