Traña-Matienako Donien Atxa aurten ere zeresana eman ari da. Atzo, jaiei hasiera emateko ekitaldian txopoa kostata altxatu zuten. Bertaratu ziren guztiek ikusi zuten moduan, Donien Atxa oker-oker gelditu zen. Gaur goizean udal ordezkariak biribilgunera gerturatu dira Donien-Atxa behar den moduan jarrita dagoen ikusteko. Mikel Garaizabal alkateak azaldu duenez, txopoa garabi bategaz atera eta oinarria garbitzea erabaki dute "segurtasuna bermatzeko". Beraz, Donien Atxa atera, oinarria garbitu eta berriro bere lekuan sartuko dute. Txistulari, dantzari eta publiko barik, hori bai.
2017an hiru zauritu
Traña-Matienako Donien Atxaren inguruko albisteak oihartzun handia izan zuen 2017ko jaien hasieran. Txopoa igotzen ari zirenean, publikoan zeuden pertsonen gainera jausi zen. Ondorioz, hiru pertsona zauritu ziren. Harrezkero, ekitaldi horretan segurtasun perimetroa jartzen du udalak.