"Brani zeozer adierazteko, nik neuk ere erabiltzen ditut botoiak"

Aitziber Basauri 2022ko ira. 18a, 10:30

Nuria Orduña getxoztarra Abadiñon bizi da orain bost urtetik, eta modu berezia du Bran txakurragaz komunikatzeko, alfonbratxo batean duen botoi sistema baten bitartez. Sare sozialetan ospetsu bihurtu da Bran (@branparlante), Tik Tok-en eta Instagramen milaka jarraitzaile lortu ditu eta. 

Zertan oinarritzen da Bran txakurragaz erabiltzen duzun botoi sistema?
Ikasketa prozesu bat da. Botoi bakoitza ekintza bategaz erlazionatu behar da. Zaintzaileak, botoi bat zapalduta, dagokion ekintza egingo du txakurraren edo katuaren aurrean, eta hainbat bider errepikatu, eurek ere emaitza berdina lortu dezaketela erakusteko. Botoi guztiekin batera hasi barik, banaka hasi nintzen ni Branegaz, oinarrizko ekintzekin. Orain 15 botoi ditugu, multzoka antolatuta: pertsonak eta animaliak, kaleagaz loturikoak, ekintzak (janaria, laguntza, mimoak eta jolasa) eta bestelakoak. Botoia zapalduta nire ahotsa entzun daiteke, beragaz erabiltzen dudan doinuagaz. Gainera, Brani zeozer adierazteko, nik neuk ere erabiltzen ditut botoiak.

Zerk bultzatu zintuen Branegaz botoien bitartez komunikatzera?
Interneten hizkeraren patologia lantzen duen Christina Hunger ezagutzean hasi zen dena. Pazienteekin erabilitako teknikak bere txakurragaz erabilita lorturiko emaitzekin ikerketa unibertsitarioa hasi zuen. Egundokoa iruditu zitzaidan. Hasieran ez nion jaramon handiegirik egin, baina handik zenbait hilabetetara jakin-mina sortu zitzaidan. Branegaz probatu gura nuen. Sistemaren funtzionamendua ondo harrapatu zuela ikusi nuen, eta apurka aurrerapenak egin genituen. Bada, bideoak grabatzen hasi nintzen, sare sozialetan ipintzeko, nire egoera beretsuan jende gehiago egon zitekeelakoan probatzeko prest.

Beraz, komunikatzeko premiak baino gehiago, jakin-minak bultzatu zaitu.
Branek kalera joan gura duela jakiteko, jada ez dut botoi sistemarik behar, baina hiztegia askoz gehiago zabaltzeko aukera dut. Badakit Branek noiz gura dituen mimoak, noiz  jatekoa edo kalera joatea. Baina geroago eta botoi gehiago erabilita komunikazio estuagoa lortu daiteke. Adibidez, badago Bunny izeneko txakurra (whataboutbunny) gai dena zaintzaileari esateko hankan min duela. Hungerren ikerketan parte hartzen du eta botoi piloa du.

Itxaroten zenuen halako bilakera?
Inondik inora. Hala ere, ez dut botoi kopuru bat helburu. Lau genituenean ere pozik nengoen! Branek zeozer berria zelan adierazi ez dakiela ikusitakoan gehituko ditut botoiak, edo nik ekintza berri bat probatu gura dudanean. Gauza asko errepikatu behar dira eta pazientzia handia behar da. Komeni da etxeko guztiek erabiltzea.

Zeintzuk gustatzen zaizkio gehien?
Janaria eta kalea, konbinazio hori du gustokoen. 

Tik Tok-en 2 milioi jarraitzaile ditu Branek eta Instagramen 118.000. Ezagutu zaituzte inoiz kalean?
Bai, ez genuen halako oihartzunik espero. Hala ere, Branegaz gaudenean baino ez gaituzte ezagutzen. Mezu piloa jasotzen dugu! Gainera, gura barik, animaliak zainduta, ondo tratatuta, erlazio oso polita sortu daitekeen mezua zabaldu da. Oso polita da.

Zuretzat garrantzitsua da Bran adoptatua dela nabarmentzea.
Bai, Bran erreskataturiko txakurra da. Familia baten premia duen txakur piloa dago, besteak bezain ederrak, azkarrak... Bran ez da beste bat baino azkarragoa, eta gura duenak proba dezake botoi sistema hau. Denbora eta pazientzia handia baino ez dira behar. Askok txakurrak izaera bategaz lotuta erosten dituzte, baina txakurtegi batean horrelako 3-4 egon daitezke bakarrik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!