[BIDEOA] Zapatu honetan da erronka: mallabitarrak gatikarren eta mungiarren kontra, herri kirolen pentatloi probetan

Anboto 2022ko abe. 9a, 12:00

Garitagoitia eta Mugarza mallabitarrak Fuldain gatikarraren eta Sabalza mungiarren kontra ariko dira, Arrieta herriko plazan.

Heldu da lagunarteko afari baten bueltan irtendako desafioari aurre egiteko eguna. Zapatu honetan, 12:30ean, izango da, Arrieta herriko plazan. Gorriz, Aitor Fuldain gatikarra eta Xabier Sabalza mungiarra. Urdinez, Aitor Garitagoitia eta Gartxot Mugarza mallabitarrak. Lagunak aurkari bihurtuko dira goiz batez eta herri kiroletako bost probek erabakiko dute irabazlea zein talde den. 500 euro daude jokoan.

Binaka egin beharreko lana honako hau da: 30 jasoaldi 63 kiloko harriari; gizan proban, lau plaza 250 kiloko harriagaz; aizkoran, 45 ontzako enbor bi; txinga-eramaten, lau plaza 50 kiloko txingekin eta korrika kilometro bi.

Laurak herri kirol zaleak dira, baina ez arituak. Horregatik, esperientzia dutenengana jo dute. Asteak daramatzate gisasolatarren baserrian entrenatzen, Ioritz Gisasolaren eta Ion Gisasolaren aginduetara. Ez da erraza bihar zer gerta daitekeen aurreikustea. Izan ere, azaldu dutenez, espezialitate bakoitza banaka entrenatu edo denak segidan egin, asko aldatzen da kontua. Dena hartu behar da kontutan, baina erremintak ere: mallabitarrak Urnietaraino joan dira aizkora berri bat erostera.

"Irabazi egin gura dugu, baina batez ere egun eder bat pasatzea eta bertaratzen direnei ikuskizun on bat eskaintzea da asmoa", dio Gartxok Mugarzak. Ostean denek elkarrekin bazkalduko dute.

Ezkerretik hasita: Xabier Sabalza, Aitor Fuldain, Gartxot Mugarza eta Aitor Garitagoitia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!