2020ko bost albisterik bitxienak

Anboto 2020ko abe. 30a, 08:00

Hainbat gertakari kurioso gertatu da aurten eta denen artetik bost aukeratu ditugu.

5 - Eta nik... saia nuen maite


Makina bat lan klase sartzen da suhiltzailearen ogibidean. Batzuk arriskutsuak eta beste batzuk... kuriosoak. Abuztuan sastraken artean harrapatuta geratutako sai bat erreskatatu zuten Durangon, San Roke kalean, saihesbidera ematen duen bidearen ondoan. Bidea zabaldu, saiaren bueltako sastrakak kontuz kendu eta, minik eragin barik, saia handik atera zuten. Ez zegoen zaurituta. Suhiltzaileen parkera eraman zuten errekuperatu zedin eta, ondoren, bere habitatera itzuli zuten.

Saiaren erreskateko bideoa LOTURA HONETAN.


4 - Tourmaletara igoera bizikletan atzerantz


Zenbatek esan dezakete Tourmalet mendate mitikoa bizikletan atzerantz igo dutela? Ruben Gorospek bai, behintzat. Maiatzean iragarri zuen erronka eta osasun krisian ospitaletan lan egin dutenei eta COVID-19agaz gehien sufritu zutenei eskaini zien. Hileetako prestakuntzaren ostean, lehenengo ahaleginean igo zuen, irailaren 20an. Ordu bi baino gutxiagoan (1.50.27) igo zituen mendateko 16 kilometroak.

Tourmalet gainera heldu zen uneko bideoa LOTURA HONETAN.


3 - Urkiolan gora egunero bizikletan


Erronka bete duen batetik, erronkan bete-betean sartuta dabilen batengana. Irailetik, Mauri Imazek egunero-egunero igotzen du Urkiola mendatea bizikletan. Hezur-muinaren donazioa egiteak duen garrantzia gizarteratzea du helburu. Egunero argazki bat partekatzen du @tourkiola_365 instagram kontuan Urkiola gainetik.

 

2 - Zomorro plaga hainbat herritan


Mythmna unipuncta deitzen da, tximeleta-har gautarra da eta iraileko egun batzuetan Durangaldeko hainbat herritako bazterrak hartu zituen. Etorritako moduan joan ziren, bat-batean eta egun gutxira. Ez da har arrikutsua, baina herritarren arreta erakarri zuen. Iluntzeetan talde handietan irteten dute elikagai bila, Bizkaiko Aldundiko adituek azaldu zutenez.


1 - Anboto lore bihurtu duten neba-arrebak


Ainhoa Abendibar eta Jon Abendibar neba-arrebek erronka kurioso bat egiteko baliatu dituzte Anboto mendirako igoerak. Azaroko egun batean zortzi bide desberdinetatik igo eta jaitsi zuten eskualdeko mendirik garaiena eta ibilbide osoari lau hostoko lore forma eman zioten. Wikiloc aplikazioan ikusi daiteke irudia.

Biei egindako elkarrizketa LOTURA HONETAN.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!